Ondarearen Europako Jardunaldien 25. urteurrenak kultura-programa zabala eskainiko du

uriola.eus 2025ko ira. 17a, 08:00

Urrian zehar, 160 erakundek antolatutako 250 kultura-jarduera baino gehiagok Ondarearen Europako Jardunaldien 25. urteurrena ospatuko dute Bizkaiko arkitektura-aberastasuna eta -aniztasuna herritarrengana hurbiltzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien 25. urteurrena ospatzeko doako 250 kultura-proposamen baino gehiago eskainiko dira urri osoan zehar eta protagonismo berezia izango du arkitektura-ondareak. Aurten Bizkaiko beste edozein ediziotan baino antolatzaile gehiagok parte hartuko dute, 160 erakundek (54 udal, 79 kultura-entitate, 27 museo) hain zuzen ere.

Pasa den hilaren 15ean egindako aurkezpenean, Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioaren xehetasunen berri eman zuten. Bertan, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Bernardo García de la Torrek parte hartu dute, edukien koordinatzailearekin eta programazioan sartutako jardueren antolaketan parte hartzen duten kultur eragileen ordezkaritza zabalarekin batera.

Programazioak bi ildo tematiko nagusi izango ditu ardatz. Alde batetik, arkitektura garaikidea nabarmenduko da, arreta berezia jarrita azken ehun urteetako eraikin eta eraikuntzetan. Bestalde, historia-ondareari ikuspegi berritu batetik helduko zaio, eraikin enblematikoetako esku-hartzeei eta eraikin horietan izandako erabilera-aldaketei buruzko bisitekin eta eztabaidekin, eta tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka aztertuko da. Gainera, edizio honen berritasun izango da «Lurralde gonbidatua» atala, oraingo honetan Bizkaia Kantabriarekin lotuko duena.

Bisitak, tailerrak, erakusketak eta jarduera artistikoak konbinatuko dira herritarrak arkitektura-ondarera hurbiltzeko. Arkitektura-ondarea publiko zabal eta anitzarengana hurbiltzeko, jardunaldietan, ohiko formatuetako jarduerez gain, honako hauek gehitu dira, besteak beste: maketa- eta marrazki-tailerrak, argazkigintza-lehiaketa eta -tailerrak, eraikuntzako fabrika eta tailerretara bisitak, ikus-entzunezko proiekzioak, musika- eta antzerki-emanaldiak ondare-espazioetan, gaueko ibilbide arkitektonikoak eta gazteenei zuzendutako jarduerak. Webgunean egitarau osoa ikusi daiteke, bai eta erreserbak egin

 

Bizkaiko arkitekturari lotutako askotariko jarduerak

Ondarearen Europako Jardunaldietan Bizkaian eskainiko den programa anitza eta aberasgarria izango da. Hala, 76 udalerritan, 250 kultura-jardueratik gora egingo dira, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta.

Adin guztietarako hainbat tailer egingo dira Bilbon: Euskararen Etxean, familia-tailer batean komunitatearen ideia landuko da jolasaren eta arkitekturaren bidez. Itsasmuseumen, haurrentzako tailer batek Bilboko itsasadarreko zubiak ezagutzeko aukera emango die umeei, pista-joko baten bidez. Tailerra amaitzeko, eskulan bat egingo da, eta bakoitzak bere zubia eraikiko du.

Programazioaren barruan, historia- eta arkitektura-ondarea ezagutzeko Bilbon hainbat bisita gidatu eskainiko dira: Basurtuko Ospitalera; Bizkaiko Foru Jauregira; Udal Artxibora, arkitektura-proiektuak ezagutzeko; Zazpikaleetara eta geltokietara; Casilda Iturrizar parkera, eta ehun urteko historia duen Tomás Camacho ikastetxera.

Hitzaldiei dagokionez, Euskaltzaindiak «Gure bazterrak: baserriak eta etxe ez direnak» aurkeztuko du, paisaia tradizionala eta bere eraikuntzak aztertzen dituzten bi hitzaldirekin. Foru Liburutegian emango den «Klasikoak berreraikitzen» zikloak Bizkaiko arkitekturari buruzko ikerketen mende bat baino gehiago aztertuko du.

Azkenik, kultura-jarduera bat proposatu da: Begoñako puntatik zuzenean egingo den irratsaio bat, kultura-eskaintza askotariko eta parte-hartzailea osatzeko.