Dagoeneko abian da AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina

uriola.eus 2025ko ira. 17a, 09:07

Praktikatun 2005etik daramate mintzapraktika egitasmoak antolatzen, eta ikasturte honetan euskara ZU zara lelopean abitu dute kanpaina Euskaldunen komunitatea indartzeko.

AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina abian da, euskara ZU zara lelopean. Euskaldunen komunitatea indartzea helburu, eskaintza zabala dakarte AEKren mintzapraktika-programek, euskaraz aritu nahi duenak hainbat aukera izan ditzan. Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete. Izena emateko: emanizena.praktikatu.eus

Koldo Mattin Agirregomezkorta Uranga Praktikatu Zerbitzuko kideak azaldu du norbanakoek euskaldunen komunitatea osatzeko duten garrantzia azpimarratzen jarraitu nahi dutela, eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina: egunero hizkuntzan trebatzen garen, praktikatzen dugun eta euskaraz bizi garen guztiok euskaldunon sarea osatzen dugu; eta horren aldeko jarrera aktiboa dugunean, euskara gara denok. Horregatik, mintzapraktika-programetan ez dago ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo... “Taldeetan guztiok euskaraz gustura eta lasai arituz, euskaldunon familia indartzen eta zabaltzen dugu”, adierazi du. Ideia horixe islatu nahi izan dute, hain zuzen ere, bideo honetan.

Datozen egunetan, beraz, hasiko dira elkartzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak euskararen herrialde luze eta zabaleko 104 herritan. Aurten, egitasmo berriak ere abiatuko dira: Mintzalagun Oiartzunen eta, Iparraldean, mintzalagun-taldeak herri gehiagotan sortzeko lanean jarraituko du AEKk.

Taldeak ez ezik, ekintzak ere antolatzen dituzte egitasmoetako dinamizatzaileek euskarazko aisialdia sustatzeko, hala nola Lautadako Solasaldi musikatuak, udazkeneko asteburu-pasak familian Tertangan (Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik) eta Hika-topaketak Markina-Xemeinen (ZirHika elkartearekin elkarlanean), hasi berri den ikasturteko hainbat aipatzearren. Joan den ikasturtean, 500 jarduera baino gehiago egin zituzten: tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak, Zilegi Asteak... Aurten ere, hamaika aukera izango dute euskaraz bizi nahi dutenek.

Agirregomezkortaren esanetan, “erraz-erraza da, gainera, aukerak gero eta ugariagoak baitira: ikasturteko mintza-taldeak, xede-taldeak, online taldeak, udakoak...”. Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontuak zein sariak eskura ditzakete. Horrez gain, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak aurrera jarraituko dik/din, partaideek hika hitz egiteko talde berriak eginda. Familiek Gurasolaguneko taldeetan ere segituko dute jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera izan dezaten. Mendilagunek ere ibilbideak egingo dituzte euskaraz egin bitartean. Antzera ariko dira kakorratz-taldekoak, Irakurzale klubekoak, eskaladakoak, dantza errazen taldekoak... Eta azkenik, azaroan, online taldeak ere abiatuko dira.