Bilboko Udalak Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren (BAD) edizio berri bat antolatuko du datorren urriaren 16tik 26ra. Aurten, BAD Bilbaoren XXVII. edizioko programazioak hainbat proposamen eszeniko eskainiko ditu Harrobia, Kupula Aretoa, Campos Antzokia, La Fundición eta Bilborock-eko ohiko espazioetan. Horiekin batera, San Frantziskoko Udaltegia ere gehitzen da, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak eskainiko dituen jardunaldi profesionalen egoitza izango dena. Jaialdi honek lengoaia berrien aldeko apustua egin du, ikusleak harritu eta eszenara hurbiltzeko.
Ikuskizun bakoitzerako sarrerak jada eros daitezke. Urriaren 16ra arte 8 eurotan eskuratu ahal izango dira, eta egun horretatik aurrera 10 euroko prezioa izango dute. Horiek aldez aurretik erosi ahal izango dira Jaialdiaren webgunearen bidez edo La Fundición eta Teatro Campos Eliseos aretoen webguneen eta leihatilen bidez.
Bi jarduera nabarmentzeko
Jaialdiaren esparruan doako bi jarduera antolatuko dira. Alde batetik, La transicion profesional en la danza jardunaldi profesionalak, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak BAD Bilbaorekin lankidetzan antolatuak. Topaketa urriaren 24an egingo da, goizeko 9:00etatik 13:30etara eta 16:30etik arratsaldeko 18:30etara, San Frantziskoko Udaltegian. Izena emateko epea urriaren 1etik 21era bitartekoa da, info@addedantza.org helbidera mezu elektroniko bat bidalita. Jardunaldietan dantzako artisten trantsizio profesionala eta prozesu horretarako dauden laguntza-ereduak jorratuko dira.
Bestetik, PERPETÛA VASTARDAren FREE Tour-Bilbao hitzordua egongo da. " Nuria Hernandok sortutako harreman-antzerkiko proiektu bat da, hainbat herritan turistifikazioaren arazoa salatzen duena, bozgorailu bat eta espazio kritiko bat eskainiz arazo hori gehien pairatzen duten auzoetako bizilagunei. Proiektua in situ sortzen da hiri bakoitzean, auzotarrekin eta tokiko artistekin elkarlanean, tokiko ehun kulturala sustatzeko eta horren aldeko apustua egiteko.
Jaialdiaren irudia
XXVII. edizioko irudian askatasun artistikoa eta diziplinen fusioa uztartu dira. Irudiak esanahi eta konnotazio ugari ditu. Lehen planoan, aurpegiari zuzenean erreparatzen dio eta berriro ikustera gonbidatzen du, irudikatutako pertsonaren xehetasunei erreparatzeko. Estetika deigarri eta anbiguoa duen izakia da, zuzenean lotzen duena BAD Bilbaok eskaintzen duen proposamen-aniztasunarekin, eta atea irekitzen dio ustekabekoari eta ezohikoari, askatasun sortzaileari eta diziplinen fusioari.