Fernando G. Baptista bilbotarraren lanaren erakusketa ikusgai dago Bizkaia Aretoan

uriola.eus 2025ko ira. 23a, 08:24

Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa ikusgia dago Bizkaia Aretoan irailaren 30era arte. Erakusketak ilustratzailearen publikaziorik adierazgarrienak biltzen ditu, besteka beste, Vikingos (2017): gerlari bikingoei buruzko azala.

Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa Bilbora iritsi da eta irailaren 30era arte egongo da ikusgai ko Bizkaia Aretoa-EHU eraikinaren Chillida aretoan. Erakusketak mundu mailan ezagunenetakoa den zientziaren ilustratzailearen lana eraksuten du. Astean zehar goizeko 08:00etatik 20:00etara dago ikusgai, larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Bilbon izan ondoren, erakusketa Bergarako Laboratorium Museora eramango da.

Erakusketak ilustratzailearen publikaziorik adierazgarrienak biltzen ditu. SND (Society for News Design) nazioarteko erakundeak munduko diseinatzailerik onena izendatu berri du bilbotarra, National Geographic Magazine aldizkarian egindako lanagatik eta bere sorkuntza-prozesuagatik: dokumentazioa eta ikerketa, hasierako zirriborroak eta azken emaitza.

Dibulgazio-aldizkari entzutetsuan egindako lanen artean, besteak beste, gerlari bikingoei buruzko azala edo lehen orrialdea ikusi ahal izango da (Vikingos, 2017ko martxoa), edo jatorriz Maurizio Irletakoak ziren dodo hegaztiei buruzko teoria berri bat ilustratzen duen seriea (La nueva apariencia del dodo, 2020ko uztaila).

 

Infografia zientifikoaren esploratzailea

Fernando G. Baptista bilbotarra Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. 2007az geroztik, National Geographic Magazine aldizkariko langilea da, editore senior gisa. Bere ibilbidean 250 sari baino gehiago jaso ditu, horien artean Peter Sullivan sari ospetsua, infografia arloko sari nagusia, eta Emmy sarietarako bi izendapen.

Gaur egungo infografista garrantzitsuenetakotzat jotzen da, eta 2025ean SND (Society for News Design) erakundeak munduko diseinatzailerik onena izendatu du bere sarien 46. edizioan. Bere lana, beraz, erreferentea da informazioa bistaratzeko orduan.

 

Infografiaren garrantzia

Izan ere, infografia ezinbesteko tresna da zientziaren komunikazioan. Informazio konplexua ulergarri egin dezake eta hori lortzeko hainbat elementu erabil ditzake: ilustrazioak, diagramak, mapak edo grafikoak, betiere era ulergarri batean baina zehaztasunari uko egin gabe. Arrazoi honengatik, ilustratzaile zientifikoaren lana funtsezkoa da begiratu batean ikusezinak diren prozesuak ulertzeko eta zientzia modu argi, bisual eta erakargarrian kontatzen laguntzeko.