Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak Memeka lehiaketaren 2025eko edizioa martxan jarriko dute bihar, urriaren 1ean. Memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu. 15 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, lehiaketa honek gazteak euren sormena euskaraz adieraztera gonbidatzen ditu, memeka.eus plataforma digitala erabiliz. Memeak aurkezteko epea azaroaren 7an amaituko da, eta azaroaren 10etik 16ra bozkatzeko epea izango da. Meme irabazleak azaroaren 17an iragarriko dira.
Proiektu honen helburua gazteei entretenimendurako gune bat eskaintzea eta plataforma digitaletan euskararen erabilera aktiboa sustatzea da, modu dibertigarri eta erakargarrian.
Memeka.eus plataforma euskarazko memeen sorkuntza errazteko diseinatuta dago, eta bertan erabiltzaileek irudi garbiak eskuratu, eta nahi duten testuak txertatu ahalko dituzte, euskaraz idatziak eta gai librea izanik. Hala ere, gogorarazi dute ez direla eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez direnak onartuko, ezta kalitate-maila nahikorik ez dutenak ere: “Memeren bat egokitzat jotzen ez bada, ez da argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geldituko da”.
Bi sari emango dira: webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bata, 200 euro, eta Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bestea, 150 euro. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.
Memeak, hainbat elementuren nahasketa satirikoak
Interneteko kulturan, memea umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handi eta azkarrekoa, eta, gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen dena.
Memeak komunikazio bitarteko eta elementuak dira gazteentzat, eta bereziki, sare sozialen eta mezularitza programen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo besterik gabe, lagunekin dibertitzeko. Umorea, satira, ironia… lantzen dituzte gazteek bitarteko grafikoen bidez, eta hizkuntza funtsezko elementua bilakatzen da jolas horretan.
Memeka lehiaketa gazteek euskara ingurune digitalean erabiltzeko aukera paregabea da, beraientzat entretenigarria eta dibertigarria den edukia sortzen dutelarik. Aldi berean, ekimen honek agerian uzten du euskal hizkuntzak eta kulturak aro digitalean garrantzitsuak eta zirraragarriak izaten jarrai dezaketela.