Global Sumud Flotillaren erasoaren kontrako eta Palestinaren aldeko manifestazioa deitu dute

uriola.eus 2025ko urr. 2a, 10:08

Global Sumud Flotilla Gazara zihoala Israelgo okupazio-indarrek atzeman eta erasotu izana salatu du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak, eta horregatik manifestazioa izango da gaur, hilak 2, Bilbon.

Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak irmoki salatu du Israelgo okupazio-indarrek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako atzematea eta erasoa, nazioarteko itsas zuzenbidea urratuz. Hori dela eta, Palestinaren aldeko manifestazioak antolatu dituzte gaur, urriaren 2an, Hegoaldeko hiriburuetan. Bilbon 19:00etan izango da Eusko Jaurlaritzatik Udaletxeraino. Palestinarekin Elkartasuna plataformak bat egin du deialdiarekin.

Palestinako herriarekin duten konpromiso hautsezina berretsi du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak, eta herriari zein erakundeei dei egin diete nazioarteko elkartasun internazionalista, salaketa eta mobilizazioa indartzera, giza eskubideen errespetua, blokeoa altxatzea eta Palestina aske aitortzea lortu arte.

 

Laguntza humanitario ezinbestekoa

Flotillaren aurkako erasoa Palestinako herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan gertatzen da: Gaza hiria tankeek hartu dute, bonbardaketak etengabeak dira eta egunero hildako berriak gehitzen dira, milaka pertsona etxetik bortxaz lekualdatzen dituzten bitartean.

Horren aurrean, Flotillak laguntza humanitario ezinbestekoa zeraman eta bere helburua Gazako Zerrendaren gainean ezarritako blokeoa kriminala haustea zen. “17 urte baino gehiago daraman blokeoak zigor kolektibo baten mekanismo bilakatu da, nazioarteko zuzenbideak debekatua, eta inoizko hondamendi humanitarioa eragin du”, salatu du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak.

Euskal Herritik eskatu dute interzeptatutako laguntza humanitarioa berehala eta segurtasunez Gazako biztanleriari entregatzea, genozidioaren eta populazio palestinarrari heriotza eta behartutako erbesteratzea dakarkien blokeoa kriminalaren berehalako amaiera ematea, eta Global Sumud Flotillako ekintzaile eta tripulatzaile guztiak berehala askatzea.