Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak deitutako manifestazioak milaka lagun bildu ditu Bilboko kaleetan. Erasorik gogorrena Gazan dago. Flotilla aurrera! Palestina askatu! lelopean, arratsaldeko 19:00etan abiatu da mobilizazioa Eusko Jaurlaritzatik. Kalea Nagusia zeharkatu dute “Boikot Israel, Palestina askatu!” etengabeko oihuekin, eta iluntzeko 20:00etan iritsi da Udaletxera. Aldarri hauek ere sakabanatu dituzte lau haizetara, besteak beste: “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile”, “Gora palestinar erresistentzia!” eta “Ez da gerra, genozidioa baizik”.
Amaierako irakurketan, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak irmoki salatu du Israelgo okupazio-indarrek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako atzematea eta erasoa, nazioarteko itsas zuzenbidea urratuz. Flotillak laguntza humanitario ezinbestekoa zeraman eta bere helburua Gazako Zerrendaren gainean ezarritako blokeoa kriminala haustea zen. “17 urte baino gehiago daraman blokeoak zigor kolektibo baten mekanismo bilakatu da, nazioarteko zuzenbideak debekatua, eta inoizko hondamendi humanitarioa eragin du”, salatu du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak.
Flotillaren aurkako erasoa Palestinako herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan gertatzen dela gogorarazi du mugimenduak: “Ofentsiba sistematiko honek herri oso bat apurtu eta bere existentzia ezabatu nahi du, mundu osoaren begien aurrean”.
Israelek itsaso zabalean misio humanitario baten aurka egindako erasoak pirateria ekintza eta nazioarteko legedia urratzen duen krimena dakarrela nabarmendu dute: “Behin eta berriz agerian geratzen da legezko marko oro baztertuta jarduten duen erregimen baten inpunitatea, sarraskiaren aurrean isilik dauden gobernu eta nazioarteko erakundeen konplizitatearekin”.
Palestinako herriarekin duten konpromiso hautsezina berretsi du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak, eta herriari zein erakundeei dei egin diete nazioarteko elkartasun internazionalista, salaketa eta mobilizazioa indartzera, giza eskubideen errespetua, blokeoa altxatzea eta Palestina aske aitortzea lortu arte.
Euskal Herritik eskatu dute interzeptatutako laguntza humanitarioa berehala eta segurtasunez Gazako biztanleriari entregatzea, genozidioaren eta populazio palestinarrari heriotza eta behartutako erbesteratzea dakarkien blokeoa kriminalaren berehalako amaiera ematea, eta Global Sumud Flotillako ekintzaile eta tripulatzaile guztiak berehala askatzea.
Hurrengo deialdiak
Datozen egunetan, kalean jarraituko dutela adierazi dute bukaeran. Izan ere, hilabete honetan jada hainbat deialdi egin dituzte:
- Urriak 4, larunbata: Manifestazio nazionala Iruñean 12:00etan, Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatua.
- Urriak 10, ostirala: Manifestazioa Arriaga plazan 17:30ean, Mugimendu Feministak antolatua.
- Urriak 15, asteazkena: Lanuzte orokorra eta manifestazioa 12:30ean Jesusen Bihotzetik, Sindikatuen antolatua.
- Urriak 17, ostirala: Kazerolada herri guztietan, Gernika-Palestina Heri Ekimenak antolatua
- Urriak 25, larunbata: Manifestazio nazionala Bilbon, Gure Haurrak ere badira deituta, mundu guztiaren sostenguz lehen aldiz 2 urte hauetan.