Lanuzte Orokorra egingo dute hainbat sindikatuk urriaren 15ean

uriola.eus 2025ko urr. 6a, 16:58

LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Lanuzte Orokorra egingo dute Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adierazteko. Manifestazioak egingo dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako kaleetan.

LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT/LKN, Solidari, Etxalde eta HIRU sindikatuek Lanuzte Orokorrerako deialdia iragarri dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urriaren 15erako, eta deialdi hori Nafarroan ere egingo da. Borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena. Lanuzte orokorra goizeko 03.00etatik 06.00etara, goizeko 11.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 17.00etatik 20.00etara izango da, eta manifestazioak egingo dira Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako kaleetan.

Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adierazi nahi dute egun honetan, baita salatu ere Israel egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin. Horrekin batera, Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatuko dute hiriburuetako kaleetan, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. Urriaren 15a Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzeko eguna izango da sindikatuentzat. Patronalari eta instituzioei eskatu nahi diete, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko: “Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu”.

Azken bi urteetan ikusi duten bezala, sindikatuek ordezkatzen duten sindikalismoak eta gehiengo sozial zabal batek Gazan genozidioa amaitzeko eskatzen dute, eta Palestinak estatu aske izateko eskubidea izatea. Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Estatuko instituzioei eskatu diete genozidioarekin harreman oro eteteko, eta euren esku dituzten tresna guztiak baliatzeko su-eten bat lortzeko. Baita, Palestinaren autodeterminazio-eskubidea eta bere lurraldearen okupazioaren amaiera erdigunean jarriko dituen konponbide integrala lortzeko ere.

Era berean, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresei eta patronalari hausnarketa etikoa egin dezaten eskatu diete, eta ez dezatela inolako jarduera komertzialik garatu Palestinan genozidioarekin konplize diren edo nazioarteko legedia urratzen duten enpresa edo erakundeekin.