Etorkizuna jokoan dagoela argi adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

uriola.eus 2025ko urr. 7a, 15:58

Euskara larrialdi linguistikoan dagoen honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak itxaropen mezua ekarri du gaurkoan. Abenduaren 27an, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortuko dute Bilbao Arenan egingp duten ekitaldian.

Orain dela urte bat, Kontseilua osatzen duteneuskalgintzako eragileek euskara larrialdi linguistikoan dagoela adierazi zuten, izan ere, agerikoak ziren azken hamarkadetako susperraldi aroa eten denaren zantzuak. 

Gaur goizean, hilak 7, Kafe Antzokian egindako agerraldian, itxaropen mezua igorri du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta azaldu du bere gain hartzen duela larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa. “Horretan ari gara, eta bide horretan ezinbestekoa da euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea”, adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak, bizi izan dituenean, euskaltzaleen eskutik etorri izan da aldi bakoitzean “Pizkundea”. “Argi dago: euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa”, nabarmendu du Eskisabelek.

Hain zuzen ere, gaur gonbidapena luzatu diote euskaltzale orori  datorren abenduaren 27an Bilbao Arenako ekitaldira joateko: “Ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea”. Ekitaldia kultur kutsukoa izango da, izan ere, euskarak kultur unibertsoa bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat: “euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa”. 

Ekitaldiko sarrerak urriaren 16tik aurrera izango dira eskuragarri Pizkundea.eus webgunean, eta 10 euroan salduko dira. Ekarpenak artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzen lagunduko du, baina garrantzitsuena egun horretan Bilbao Arena “euskaltzaleon bilgune handi bat bihurtzea” izango da. Ekitraldiaren xehetasunak aurrerago iragarriko dituzte, baina musikak eta musikagileek  presentzia nabarmena izango dutela aurertau du Eskisabelek.

 

Zoritxarrez, larrialdian

“Larritzeko osagai guztiak ditugu, beraz. Esan bezala, etorkizuna jokoan da”, azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoak, esaterako, erakusten du Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa jaisten doala oraindik. Edo Nafarroan 10 ikasletik seik ez duela bere eskola bizitzan euskararekin inolako harremanik. Gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak. Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak.

Bestalde, joan den uztailean aurkeztu zuen UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) Siadecok bere enkarguz egindako proiekzio demolinguistikoa, eta hizkuntza-politiketan aldaketa handi bat gertatu ezean, panorama “beltza” da. Proiezio horren arabera, 11 urte barru, Hego Euskal Herrian ez da arnasgune beterik geratuko; hau da, euskararen erabilera % 80tik gorakoa den herririk. Eta arnasgune erasanak ere desagertze bidean egongo dira: biztanleen % 0,2 besterik ez da biziko eremu horietan. Horrela, proiezioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.

Horri guztiari erantsi behar zaio azken hamarkadetako joera izan bada hezkuntzaren bidez ezagutzari dagokionean hiztunak irabaztea Nafarroa galeran sartzear dela berriro. Laburbilduz, “azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu eta atzeraldiaren arriskua handia” da. 

Honek guztiak, azken buruan, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri ematen du, egiturazko arazo baten berri. Gainera, ezin da ahaztu euskara ofiziala bere lurraldearen zati batean baino ez dela: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zati batean. Nafarroa gehienean, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ez du ofizialtasunik. Gutxieneko nor izatearen aitortzarik eta, horrenbestez, hizkuntza-politikak segurtasunez eta iraunkorki egiteko aukerarik ez dagoela esan du Eskisabelek. Era berean, azken bolada jadanik luzeko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna zalantzan jartzen ari da, minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak eraisten ari baita.