Batuz Aldatu ekimenaren sustatzaileei galdezka

Jon Aleman Astitz 2025ko urr. 9a, 08:26

Batuz Aldatu proposamena irakurri ondoan sortu zaizkidan zalantzak partekatu nahi nituzke ekimenaren sustatzaileekin eta euskaltzaleekin oro har.

Zein da egoera? Zergatik gaude horrela eta nork ekarri gaitu honaino? Argitaratutako proposamenean egoeraren diagnostiko baten falta sumatzen dut. Lortu nahi duen helburua eta zein errealitatetik abiatzen den hartu behar ditu kontuan hizkuntza-politikak, testuan jaso bezala, baina ez bata ez bestea ez dira ageri bertan.  Iruditzen zait duela hogeita hamabost bat urte artio bizi izan dugun pizkundea, zenbait herritarren, gizarte-eragileren eta erakunderen ekimenari zor zaiola, baina ez guztienari, inondik ere.

Ez baitute berdin jokatu izan ETB1ek eta ETB2k, RENFEk eta Euskotrenek, Radio Euskadik eta Euskadi irratiak, El Correok eta Berriak, Iruñeko udalak eta Tolosakoak, Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak, are Jaurlaritza bereko Kultura sailak eta Turismo sailak eta abar. Nola gauden, zer gertatu den eta zergatik zehaztasunez jakitea ezinbestekoa da, ekinbide egokietatik ikasi eta ankerrei azkena eman ahal izateko, edo saiatzeko behinik behin. Bestalde, Nafarroan eta Iparraldean izan al da pizkunderik? Batean ezin burua jaso ibili gara, erabat ezinez eta bestean atzeraldi betean. Orain, bietan ere atzeraka eta nola gainera!.

Zer da zaurgarri egiten gaituena? Dirudienez, “minorizatutako eta hedadura txikiko hizkuntza” izateak egiten omen gaitu zaurgarri. Bai? Ala Estaturik ez izatea da zaurgarri egiten gaituena? Beste egoera batean daude Islandia, Estonia, Lituania, Malta, Flandria, Andorra, Luxenburgo eta abar, hedaduraz eta biztanlez txikiak izan arren. Beraz… Oldarraldi judiziala salatzen da, baina askotariko erakunde espainiar eta frantsesen eraso politiko-mediatikoa ez da aipatzen. Ezta alderdi abertzaleek gobernatutako erakunde eta hedabide askoren utzikeria ere.

“Gizarte eleaniztun askotarikoan” bizi gara?  Ala, batean gaztelera eta bestean frantsesa inposatuak eta horren ondorioz hegemonikoak diren gizarte banatan? Jatorrizko hizkuntza gabeko eremua ote gara ba? Ala, egia esan, zenbat eta ekialderago jo, euskaldunon hizkuntz eskubideak are gutxiago bermatzen diren gizarte banatan? “Euskararen biziberritze prozesua Euskal Herriko ehundik gora hizkuntzen testuinguruan kokatu beharra dago, gizarte eleaniztun askotarikoan” irakur daiteke proposamenean.
Bada, nik dakidala, Euskal Herriko hizkuntza euskara da, gaztelerak eta frantsesak ordezkatua izaten ari bada ere, bi Estatuok gauzatutako zapalkuntza genozidaren ondorioz. Eta bai, dozenaka hizkuntza ekarri dituzte biztanle berriek, balorean jarri bai, baina euskararen maila berean inolaz ere jarri ezin direnak, geure herria egun batetik bestera desagerrarazi nahi ez badugu behintzat.

Zer da “euskarazko murgiltze-eredu eleaniztuna”? Duela urte batzuk Kontseiluak “D eredua edo euskarazko murgiltze eredua da emaitzarik hoberenak eskaintzen dituena” dela zioen. D ereduan ikasgai guztiak ematen dira (ziren?) euskaraz, gaztelania-hizkuntza eta ingeles-hizkuntza izan ezik, eta bera ere eremu askotan ez da nahikoa izan ikasleak euskalduntzeko. Hortaz, euskarari ikastordu gehiago kentzea beste hizkuntza batzuei emateko, ez dirudi egoera zuzentzen lagunduko digunik.

Nola litzateke posible euskarazko “murgiltzea” eredu “eleaniztun” batean? “Euskarazko murgiltze-eredu eleaniztuna” zertan da, zehatz-mehatz? Contradictio in terminis? Murgiltze eredua eta eleaniztun eredua elkarren kontra daude erabat.

 

Jon Aleman Astitz (Euskaltzaleen foroko kidea)