Homeless Film Festival jaialdiak bere hamargarren edizioa ospatuko du urriaren 16an eta 25ean, eta azaroaren 12an, 13an eta 20an. Bizitegi elkarteak zinemaren eta antzerkiaren bidez, lehen lerrora dakar etxerik gabeko eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen errealitatea.
Urriaren 16an, beraz, emango zaio hasiera jaialdiari Bilboko Golem Alhondiga zineman Ekain Irigoien donostiarrak zuzendutako Hijos de Dios dokumentalarekin. Urriaren 25ean aldiz, Bilboko BBK Aretoan, Mujereando arte konpainiak Callejones Sin Estrellas antzeztuko du.
Urteurren borobil hau ospatzeko, Bizitegik erakusketa bat antolatu du Bilboko Metroarekin elkarlanean, hamar edizio hauetako ibilbidea herritarrengana hurbilduz. Urrian Zazpikaleak – San Nikolas geltokian egongo da ikusgai eta azaroan Indautxun.
Jaialdiko egun bat antzerkiaren munduan
Azaroaren 12ko jardunaldia antzerkiari eskainiko zaio, goizez zein arratsaldez. Kuskurrum antzerki konpainia arduratuko da jardunaldiari hasiera emateaz Son las 45 y 10 antzezlanarekin. Jarraian, Ivan Iparraguirreren zuzendaritzapean, Zenbatu antzerki taldeak Dime la verdad antzeztuko du. Urtero legez, IES Ibarrekolanda BHIko Arte Eszenikoen Batxilergoko ikasleek dantza ikuskizun bat eskainiko dute eta Gure Arima antzezlanak emango dio bukaera goizari, Auzo Arima konpainiaren eskutik.
Arratsaldean, Ander Lipusek zuzendutako Miñan antzeztuko du Artedrama konpainiak. Artedramak antzerkira egokitutako lan hau Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua. Antzezlan honek kritika sozial argia egiten du migrazio-politikak, kanporatze-prozesuak eta migratzaileen deshumanizazio joerak agerian utziz.
Jaialdiaren 10. edizioa azaroaren 20an amaituko da Gemma Blasco zuzendariaren La Furia luzemetraiarekin, Santurtziko Cine Clubarekin kolaborazioan, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan.
Azaroak 13, zinema ardatz
Azaroaren 13rako, aldiz, zinema ardatz izango duen jardunaldia prestatu dute antolatzaileek. Goizean, Iñigo Cobok zuzenduta, Bizitegin ekoiztutako film laburrak ikusi ahalko dira. Bestalde, Santurtzi Zine Jaialdiko Kalean sariaren laburmetrai irabazlea, ikastetxeetako ikasleek egindako film labur sarituak eta Tom Vallejoren Au dessuss des rails, sail ofizialeko laburmetrail irabazlea, proiektatuko dira.
Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Bizitegin ekoitzitako film laburrez gozatzeko aukera izango da berriz ere, baita Santurtzi Zine Jaialdiko Kalean sarituaren film laburra. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko unibertsitateko ikasleek egindako film laburrak proiektatuko dira.
Arratsaldeko emanaldi hau Xabier Madariagak aurkeztuko du, eta Homeless Film Festivaleko Sail Ofizialeko Besarkada Saria banatuko da. Au dessus des rails film laburragatik, Tom Vallejo zuzendaria izango da saritua.