Zinemakumeak gara! Jaialdia urriaren 27tik 31ra izango da

uriola.eus 2025ko urr. 10a, 10:14

Jaialdiak bere 30. urteurrena ospatzeko hainbat jardiera antolatu ditu: proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak… Urriaren 27an, jaialdiari hasiera emango zaio inaugurazio-galarekin, BBK Aretoan.

Zinemakumeak gara! - Emakumeen zuzendutako zinemaren erakustaldiaren 30. urteurrena izango da udazken honetan. Urriaren 27tik 31ra, emakumeen ikus-entzunezkoen epizentro bihurtuko da Bilbo. Programak hainbat atal dauzka: proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak eta sektoreko funtsezko figurei omenaldia egingo dien inaugurazio-gala bat.

Baina, motorrak berotzeko, aurreko astean, «Nola ikasi emakume izaten (eta ahaleginean ez hiltzen)» atzerabegirako zikloarekin abiatuko dira. Urriaren 20tik 24ra bitartean izango da, BilbaoArten. Ziklo honek erakusketaren 30 urteko historian zeharreko bidaia bat eskainiko du. Horretarako, nazioarteko film luze entzutetsu batzuk proiektatuko dira, baita jaialdiaren katalogo historikotik ateratako euskal emakumezko zinemagileek zuzendutako film labur sorta bat ere.

Prestakuntzari dagokionez, erakusketak bere ikus-entzunezko laborategi arrakastatsua aktibatu du berriro. Horren barruan «Emakume heroiaren bidaia» lantegia antolatu da, Belén Ruiz Soroa irakaslearen eskutik. Saioa urriaren 21ean izango da, Bizkaiko Psikologia Elkargoan. «Heroiaren bidaia» tradizionalarekiko alternatiboak diren narrazio-ereduak aztertuko dira, zinemako eta literaturako emakumezko protagonisten eraikuntzari erreparatuz, Maureen Murdocken proposamen teorikoaren bitartez.

 

Inaugurazio-gala

Urriaren 27an, beraz, jaialdiari hasiera emango zaio inaugurazio-galarekin, BBK Aretoan. Maria Urcelay aktoreak aurkeztuta, ekitaldian bi sari garrantzitsu emango ditu. Simone de Beauvoir sariak Alauda Ruiz de Azúa eta María Ripoll zinemagileen ibilbidea aitortuko du; BIHARGI sariak, ostera, Al Borde Films ekoiztetxearen sortzaileak sarituko ditu aurten, hots, Sara Blanco Pérez, Marta Gómez Calderón eta Paula Iglesias Rodríguez.

Ekitaldira bertaratzen direnek Maria Berasarte abeslariaren emanaldiaz, Nerea Alberdik propio konposatutako musika-pieza baten estreinaldiaz eta Estudio Gheadaren ikus-entzunezkoaz gozatuko dute. Lehen aldiz, EITBrekiko lankidetzari esker, gala zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

 

Erakusteko, eztabaidatzeko eta aintzatesteko ezinbesteko gunea

Sail nagusia, «Pantalla Grande/Pantaila Handia», urriaren 28tik 31ra egingo da, Alondegiko Golem zineman. Ikus-entzuleek proposamen interesgarri hauekin gozatu ahal izango dute, besteak beste: Lucrecia Martel zuzendari argentinar txalotuaren Nuestra tierra dokumental irrikatua eta Shih-Ching Tsou taiwandarraren La chica zurda. Gainera, Put Your Soul on Your Hand and Walk filmaren estreinaldia barne hartzen du hautaketak. Film horrek Palestinako gatazkaren ondorio suntsitzaileen lekuko zuzen bihurtuko ditu ikusleak, Sepideh Farsi zuzendari irandarraren eta Fatma Hassona kazetariaren arteko bideo-deien bidez.

Egitaraua osatzeko, Saio Berezi bat egingo da urriaren 30ean BBK Aretoan. Eva Libertad zuzendariaren Sorda filma proiektatuko da, emakume gor batek amatasunaren aurrean dituen erronkei buruzkoa. Ondoren, «Psicología, feminismo y anti capacitismo» mahai-ingurua egingo da, Bizkaiko Psikologia Elkargoarekin lankidetzan. Mahai-inguru horretan zentzumen-desgaitasuna duten emakumeek bizi dituzten errealitateei buruz hitz egingo dute.

Era berean, urriaren 30ean , adimen artifizialaren arloan aditu diren Laura Benitez eta Alejandra Bueno unibertsitate-irakasleen arteko elkarrizketa irekia izango da Alondigako Bastida Aretoan. Genero-joeraz, iraultza teknologiko horren arrisku zein aukerez eta emakumeek kultur sorkuntzan duten presentzian eta irudikapenean AAk izan dezakeen eraginari buruz eztabaidatuko dute.