Sare Herritarra: “Egoera hau ezin da gehiago luzatu”

uriola.eus 2025ko urr. 13a, 13:13

Ezin da gehiago luzatu lemapean, datorren 2026ko urtarrilaren 10ean berriz eskatuko du Sarek espetxe politika arrunta presoentzat, bai eta iheslarien eta deportatuen itzulera ere.

Sare Herritarrak pasa den astean Gasteizen egindako agerraldian datorren 2026ko urtarrilaren 10ean Bilbon egingo dute Manifestazio Nazionala iragarri zuen. Dei egin diote jendarteari datorren urtarrilean milaka eta milaka pertsona batzeko eta Bilboko kaleak betetzeko, berriz ere. 17:00etan La Casillatik irtengo de manifestazioan.  Preso daudenen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko manifestazioa izango da. Arrazoi asko daudela nabarmendu du Sarek urtarrilaren 10ean berriz eska dezaten salbuespenik gabeko espetxe politika arrunta aplika dezatela.

Era berean, ibilitako bidearen balantzea eta egiteko duten bide zatia gogoratu dute. “34 urte behar izan dira urruntze politika ankerra bertan behera uzteko, 2023ko martxoan, zehazki”, eta horrenbestez, adierazi dute beste hainbeste urte behar izan direla ia preso guztiak espetxeko lehen gradutik, hau da, erregimen itxitik, ateratzeko. Espetxeko erregimen horrek salbuespena izan beharko luke, kontuan harturik presoen eskubideak nola mugatzen dituen.

2023. urteaz geroztik, hortaz, aurrerapauso nabarmenak egin direla onartu dute, eta Sareren iritziz, orain, “gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia” eragin duen prozesuaren azken txanpari ekin behar diote. Horregatik, euskal gizarte osoari dei egiten diote bidearen “azken zati hau” beharrik gabe gehiegi luza ez dadin: ”Egin dezagun bide hori elkarrekin, atxikipen ideologikoak alde batera utzita. Egin dezagun apustu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde”.

Gogora ekarri dute Euskal Herriko kartzeletan 123 preso daudela, eta beste 3 Frantziako espetxeetan. Preso horietatik 63 espetxeko bigarren graduan daudela, zigorraren erdia bete badute ere, legearen arabera hirugarren gradura pasatzeko behar den zigor zatia, alegia. Preso horietatik %25ek baino gehiagok (32) zigorraren zati handi bat bete duten arren ez dute orain arte irteera programaturik edo espetxe baimenik izan, espetxe arloko araudian ezarrita badago ere posible dela neurri horiek ezartzea zigorraren laurden bat beteta izanez gero.

Izan ere, salbuespenak mantentzen dira eremu politikoan eta legeen arloan, non eskubideak murrizten dituzten legeak baitaude indarrean, beste garai batzuetan preso hauentzat propio onartu zirenak. Orduan ere gaitzesteko modukoak ziren lege horiek, eskubideen urraketa eragiten zutelako, eta are gaitzesgarriagoak dira orain, ETA desagertu zenetik 15 urte baino gehiago iragan direla.

 

“Egoera hau ezin da gehiago luzatu”

“Berandu gabiltza, urte asko iragan direlako salbuespenek bukatuta behar zutenetik. Ezin dugu utzi hala gertatzen jarraitzea”, azaldu du Sarek, eta horregatik Ezin da gehiago luzatu lemapean, urtarrilaren 10ean berriz eskatuko dute espetxe politika arrunta presoentzat, bai eta iheslarien eta deportatuen itzulera ere.

Preso hauen eskubideen defentsak haien indarkeriaren edo beste indarkeria batzuen ondorioak jasan zituztenen eskubideen eta sentimenduen aitortza ondoan behar duela errepikatu dute: “Beti defendatu dugu urte haietako indarkeria guztiak sufritu zituztenek merezi dutela euskal gizartea ahalegintzea aitortza ematen eta minaren erreparazioa egiten”.

Salbuespen politiken amaierak, ezinbestez, jarrerak hurbilduko dituela dio Sarek, enpatia berriak sortu, zauriak sendatu… “Mina sortzen segitzea inongo premiarik gabe, edonor dela ere jasaten duena, iraganaren ondorioetarako behin betiko konponbidearen kontra daudenen erantzukizuna da, ez beste inorena”, aldarrikatu du.

Lehenbailehen egin beharra dagoela argi dute, beraz, garaia dela aurrera egiteko, oraindik espetxean daudenei konponbide legal eta progresibo bat emateko pausua emateko garaia.