Subflubiala EZ! herri plataformak Lamiakoren ibaipekoaren proiektua bertan behera uzteko eta mugikortasun-eredua aldatzeko eskatzeko mobilizazioa deitu du larunbat honetan, hilak 18. Bizkaiko herritar guztiei dei egin die 17:00etan, Arriaga Antzokitik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.
“Manifestaziora joateko lehenengo arrazoia herritarrok parte hartzeko dugun eskubidea defendatzea da”, adierazi du plataformak atzo egindako agerraldian, eta salatu du Aldundiak joan den uztailaren 17an behin betiko proiektua onartu zuela, alegazioak aurkezteko epea itxi baino aste batzuk lehenago: ”Aldez aurretik erabakitakoari buruzko iritzia eskatu ziguten. Hori ez da demokrazia, paripea baizik”.
Subflubiala ez dator bat instituzioek hartutako konpromiso klimatiko guztiekin. Paradoxa “ikaragarria” dela nabarmendu du plataformak, izan ere Aldundiak berak onartzen du azpiegiturak berotegi-efektuko gasen emisioak handituko dituela, horrela, auto pribatuan oinarritutako eta gainditu beharreko mugikortasun-eredua betikotuko duela. Horren aurrean, larrialdi klimatiko betean, “ezin dugu asfalto eta trafiko gehiagoren aldeko apusturik egiten jarraitu”.
Manifestazioa osasuna defendatzeko deia ere bada. Tunelen ahoetatik hurbil dauden eremuak "sakrifizio eremu" bihurtuko lirateke, eta, kutsaduraz gain, zarata- eta bibrazio-mailek legezko mugak gaindituko lituzketela argitu du plataformak.
543 milioi euro inbertituko da tunelean, eta diote XXI. mendeko metropoliko mugikortasun-sistema garatzeko erabili beharko litzatekela: “Ez gaude kontra kapritxoz. Aurka gaude, mugikortasun jasangarriko alternatibak daudelako, emisioak murriztuko lituzketenak, bizi-kalitatea hobetuko luketenak eta ingurune bizigarrira hurbilduko gintuztenak”.