Bizipoza Elkarteak udazkena abitu du hiru berrirekin

uriola.eus 2025ko urr. 14a, 10:37

Udazkena hastearekin batera, Bizipoza Elkarteak ilusioz eman du hiru albisteren berri: bi elkarte berri eta haien aurkezpen bideoak Bizipozako sarean, 9. jardunaldia Heriotzaren Pedagogiariaren inguruan, eta elkarteen material berria eskura Bizipoza Eskolan.

Lehenik eta behin, Bizipoza elkarteak bere sarea zabaldu du Hil Argi Elkarteari eta DiabetesCERO Bizkaia Fundazioari ongietorria eginez.  Beren aurkezpen bideoak Bizipozaren sarean jarri dituztela jakinarazi du: Hil Argi Elkartea eta DiabetesCERO Bizkaia Fundazioa. Biak ilusioz batu dira Bizipozaren balioak partekatzeko: elkartasuna, bizikidetza eta emozioen hezkuntza.

  • Hil Argi elkarteak heriotzaren inguruko dolua, laguntza eta bizitzaren zentzua lantzen ditu, gizartean tabu izan den gai bati ikusgarritasuna emanez.
  • DiabetesCERO Bizkaia, berriz, diabetesa duten haur eta familientzako ikerketa eta laguntza bultzatzen du gaixotasun honen sendagaiaren bila.

Bestalde, azaroaren 8an, Bizipozak bere IX. Jardunaldia ospatuko du azaroaren 8an, Usurbilgo Sutegi aretoan, goizeko 9:30etik 13:30era. Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera lelopean egitaraua oparoa izango du: aditu, hezitzaile eta elkarteen testigantzek osatuko dute saioa, dolua eta bizitzaren balioa ikuspegi pedagogikotik jorratuz. Hil Argi elkartea izango dituzte bidelagun. Parte hartzea doakoa da, eta izen ematea zabalik dago. Jardunaldia irekia da eta edonork parte hartu dezake, hezkuntza, heriotza eta emozioen inguruan hausnartu nahi duen orok.

Azkenik, Elkarteen abestien koreografia berrien jarduerak Bizipoza Eskolan eskuragarri daudela iragarri du.  “Bizipoza. Mundu berri bat guztiontzat 2” diskoko 10 abestien koreografiak sortu dituzte aurtengo udan, eta aurkeztu ziren koreografia berriek badituzte dagoeneko lanketarako jarduerak prest. Ikasturte hasierarekin batera, lanketa berriak dagoeneko Bizipoza Eskolako webgunean ikusgai eta erabilgarri daude.

Material hauek hezkuntza emozionala, mugimendua eta talde lana uztartzen dituzte, eta haur zein helduen artean bizipoza lantzeko tresna praktiko bihurtu direla adierazi du Bizipoza elkarteak. Irakasle, hezitzaile, guraso eta elkarteentzako baliabide paregabeak dira, musikaren eta dantzaren bidez elkartasuna eta poza zabaltzeko.