55.000 lagunek Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorrarekin bat egin dute

uriola.eus 2025ko urr. 15a, 15:04

Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorrak erantzun masiboa izan du Bilbon. Sindikatuen arabera, 55.000 lagun baino gehiago atera dira kalera, palestinar herriarekin elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioa salatzeko. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra manifestazioaren hasieran mintzatu da: “Euskal langileok berriro argi utzi dugu palestinar herriarekin gaudela”.

Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorrak Bilboko kaleak bete ditu gaur, hilak 15. LAB sindikatuen arabera, goizetik jarraipen handia izan du eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin diren mobilizazioak historikoak izan dira. Eguerdiko 12:30ean hasi diren  manifestazioetan 110.000 pertsona baino gehiago atera dira kalera Euskal Herri osoan; horietatik 55.000 baino gehiago Bilbon.

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU sindikatuek deitutako lanuztea “arrakastatsua eta erabakigarria” izan dela azpimarratu du LABek, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israelen genozidioaren konplize diren erakunde eta enpresei presio egiteko.

 

Bilbo, 55.000 lagun baino gehiago

No al negocio con el genocidio. Langileok Palestinarekin lelopean, eguerdiko 12:30ean, beraz, abiatu da mobilizazioa Jesusen Bihotzetik. Hala ere, hasi baino lehen, lehenago hasi diren auzoetako zutabeek osatu dute Jesusen Bihotza eta Eliptika arteko kalea, jendez gainezka utziz.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak manifestazioaren hasieran adierazi du gaurkoa “elkartasun internazionalistaren ariketa erraldoia” izaten ari dela. “Euskal langileok berriro argi utzi dugu palestinar herriarekin gaudela”, nabarmendu du Aranburuk, eta gehitu du Palestinako egoerak mobilizatzen eta presio egiten jarraitzea eskatzen duela: “Su-etena gauzatu behar da eta Israelek ez du berriro adostutakoa urratzeko tentaziorik izan behar. Aldi berean, Palestinak, Jordan ibaitik Mediterraneoraino, aske izateko duen eskubidea aldarrikatu behar dugu”.

“Boikot Israel!”, “Palestina askatu!”, “Ez da gerra, genozidioa da!” eta “Ibaitik itsasora, Palestina izango da!” oihuak izan dira nagusi Jesusen Bihotzetik Udaletxeko zubira egindako bidean. Banderak, zapiak eta pankartak nonahi ikus zitezkeen.

Lanuztearen eragina nabarmena izan da Bilboko eta inguruko industriaguneetan: Gestamp Bizkaia, Cementos Lemona, Cemosa, Protec Arisawa, Tamoin, Artiach, Unilever eta Elkar argitaletxea geldirik geratu dira edo jarduera minimoarekin aritu dira. Zerbitzu publikoetan ere jarraipen zabala izan da: Osakidetzan, Eusko Jaurlaritzan, garraio publikoan eta hezkuntzan ehuneko 60tik gorakoa izan da parte-hartzea.

Koordinatzaile orokorrak “konponbide integrala” aldarrikatu du: presoen etxeratzea, errefuxiatuen itzulera, okupazioaren eta kolonizazioaren amaiera eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidearen gauzatzea. Halaber, Palestinako langileen bizi-baldintzen prekarietatea gogorarazi du, bai Gazan “txikizioaren erdian”, bai Zisjordanian kolonizazioaren ondorioz.

Horrez gain, Confebask eta CEN patronalei zuzenean eskatu die posizio argia har dezaten eta enpresei Israelekin dituzten konpromisoak errebisatzeko. “Patronalek erantzukizun zuzena dute, eta gaurko egunean hori agerian utzi nahi dugu”, adierazi du LABeko ordezkariak.

Aranburuk, amaitzeko, gaurko arrakasta “indar berriak biltzeko akuilu” gisa ulertu du: “Palestinaren aldeko elkartasuna ez da egun bateko kontua. Gaurko mobilizazioek erakutsi dute herri honek ez duela isiltasunik onartuko”. Horrekin batera, amaierako irakurketan, gogorarazi dute arratsaldean, Gernika-Palestina plataformak deitutako 120 mobilizazio inguru egingo direla Euskal Herriko herri eta auzoetan. Bilbon, arratsaldeko 19:30ean, Eliptika plazan jarraituko dute protestek. Era berean, urriaren 25ean Gure Haurrak ere badira ekimenak deitu duen manifestazio nazionalera batzeko dei egin dute: 17:30ean hasiko da Jesusen Bihotzetik.

 

Arratsaldeko atxikimenduak

Gernika-Palestinak gaur arratsaldez, burrunbak eta mobilizazioak egiteko deialdiarekin hainbat eragilek bat egin dute. “Guztion asmoa ahalik eta gehien izatea, ahalik eta transbertsalenak eta ahalik eta bateratasun irudia islatzea: Palestinar herriarekin bat egitea eta Israel gero eta gehiago isolatzea genozidioa amai dadin eta palestinarrek euren etorkizuna erabaki dezaten”.

LAB, ELA, CCOO, Etxalde, EHNE Nafarroa, Hiru eta UGT Euskadi sindikatuak; EH Bildu, EHBai, PSE, Podemos-Euskadi, Ezker Anitza-IU, Sumar mugimendua eta Geroa Bai alderdi politikoa; eta Ikama, Ernai, Unadikum, Gerrarik EZ!, Gernika Memoriaren Lekuko, Artistak genozidioaren aurka, Bilgune Feminista, Yala Nafarroa con Palestina, Gaza Summud Flotilla EH, Baserritar Bilgunea, EHko pentsionisten mugimendua (EHPM), eta GGKEen Koordinakundea / Coordinadora ONGD Euskadi eragile sozialak batu dira.