Euskararen Errepublikaren aldeko manifestazioa deitu du Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak

uriola.eus 2025ko urr. 16a, 15:09

Abenduaren 6an, euskaltzaleek hitzordu garrantzitsua dute Durangon, 13:00etan, Landako gunetik hasita. Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, Durangoko kaleak hartuko dituzte.

Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, Euskalgintzako eragile nagusien adostasunarekin, orain urtebete iragarri zuten hizkuntza larrialdi egoeran zeudela: “Geroztik, urtebete pasa da eta euskaldunok antzera jarraitzen dugu, larri eta egiturazko aldaketa esanguratsurik gabe; politika publikoei erreparatuz gero, euskararen biziberritzea ez dago lehentasunen artean”.

Horren aurrean, orain pizkunde berri bat hauspotzeko garaia dela aldarrikatu dute, esnatzeko garaia. Beraz, abenduaren 6an, euskaltzaleei dei egin diete Durangoko kaleak hartzeko. Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, manifestazioa antolatu du Durangon, 13:00etan, Landako gunetik hasita, Euskararen Errepublikaren alde.

Diotenez, azken bi hamarkadatan euskal komunitatearen nazio- nahiz hizkuntza- kontzientziak ahuldu egin dira, besteak beste, jasaten dituzten asimilazioak eta euskara salbatuta dagoenaren uste faltsuak eraginda. Instituzioetatik, gainera, uste horren zabalpen interesatua egin izan dela salatu du mugimenduak: ”Ikus genezakenez, errealitatea bestelakoa da eta euskara normalizatuta egotetik urrun dago”.

Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak adierazi du ezin dela ulertu Euskal Herria gero eta mundu globalizatuago honetan, gainerako herrialdeetatik eta joeretatik at dagoen lurralde gisa. “Krisi anizkoitzen garaia bizi dugu, non egiturazko arazo ugari azaleratu diren eta horiei irtenbide emateko alternatiba gisa marko eskuindarra lekua irabazten ari da”. Hala, agitu dute jarrera erreakzionario eta atzerakoiek indarra hartu dutela, eta giza eskubide ugari zalantzan jartzen ari direla, adibidez hizkuntza eskubideak.

Testuinguru horretan, euskara askapenerako eta justiziarako tresna gisa aldarrikatzen dute, egungo sistemaren zapalkuntzak gainditzeko eta horien aurka borrokatzeko bide modura. Horregatik, euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dute. Hala, euskaltzaleen artean azkenaldian ugaritu diren diskurtso arrazista nahiz xenofobo oro irmotasunez gaitzesten jarraituko dute.

“Euskaldun gisa erronka ugari ditugu eta horiei aurre egiteko, gabezia nabarmen bat: estatu propiorik eza”, azaldu du eta horregatik, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean ezinbesteko ikusten dute independentzia, Euskararen Errepublika.