EzBerdin Berdinak ekimena, euskal nortasunaren inguruko hausnarketa sortzailea

uriola.eus 2025ko urr. 20a, 11:04

Eusko Ikaskuntzak EzBerdin Berdinak hausnarketa sortzailea bultzatu du, Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen talde zabalarekin batera. Ekimenaren bira Bilbon hasiko da EITBn, urriaren 24an, 19:00etan. URIOLAk jakinarazi nahi du egun horretarako sarrera bikoitza duela zozketatzeko.

Eusko Ikaskuntzak Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen talde zabal batekin elkarlanean bultzatutako hausnarketa sortzailea da EzBerdin Berdinak ekimena. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalek babestuta, LABORAL Kutxaren eta EITBren babesa ere badu.

Ekimenaren bira Bilbon hasiko da, EITBren egoitzako 5. platoan, urriaren 24an eta 25ean, 19:00etan, eta Iruñean jarraituko du azaroaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoian. Ondoren, proiektua Donibane-Garaziko Jaï Alaï trinketera helduko da azaroaren 28an, eta abenduaren 12an Gasteizko Europa jauregira. Bira Donostian amaituko da, abenduaren 19an eta 20an, Tabakalerako patioan.

Sarrerak eskuragarri daude jada Eusko Ikaskuntzaren webgunean, non hitzordu bakoitzari buruzko informazio praktikoa ere eskaintzen den. 7 saio esklusibo izango dira eta prezio orokorra 18 eurokoa da. Honekin, URIOLAk jakinarazi nahi du sarrera bikoitza duela zozketatzeko urriaren 24ko ekitaldirako.

Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Arteak gizartea eraldatzeko gaitasuna du: "euskal nortasunari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatu nahi da, euskal kulturan oinarritutako proposamen artistiko berritzaile batetik abiatuta, belaunaldien arteko elkarrizketa eta lurralde-kohesioa bultzatuz".

 

Euskal nortasunaren inguruko hausnarketa sortzailea

EzBerdin Berdinak ez da “ohiko ikuskizuna”, baizik eta esperientzia bat, identitatearen, elkarbizitzaren, euskararen eta abarren inguruko hausnarketa sustatuko duena.  Beraz, dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak (txalaparta, rapa edo elektronika) uztartzen dituen gogoeta sortzailea da. Estiloen eta diziplinen arteko fusioa, indarra eta emozioa transmititzen dituena, bai eta aniztasuna sortzetik eta euskaratik naturaltasun osoz batzeko gaitasun ikaragarria duena ere. Besteak beste, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar, Sabin Bikandi, La Pulga edo Jesus Herrera izango dira saioetan.

Publiko orori zuzendurik, Eusko Ikaskuntzak zorroztasun zientifikoa ematen dio EzBerdin Berdinak dinamikei, elkarrizketa errazteko eta ikusleen artean iritziak partekatu ahal izateko, modu arin eta atsegin batean. Gainera, bira amaitutakoan, prozesuan zehar jasotako inpresio eta hausnarketa guztiak begirada kritiko batetik bilduko dira 2026ko hasieran aurkeztuko den txosten batean.