Osasun publiko, hurbil eta duina defendatzeko kontzentrazioak ostegun honetan

uriola.eus 2025ko urr. 22a, 09:09

2023ko ekaina: Otxarkoaga Osasun zentroa Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak antolatuta

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak herritarrei dei egin diete Uribarri, Abusun, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean egingo diren kontzentrazioetara joan daitezen ostegun honetan, hilak 23, arratsaldeko 19:00etan.

Ikasturtea hastearekin batera, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak osasun-zentroen aurrean mobilizatzeko deialdiak berpiztu ditu, osasun publiko, hurbil eta duina defendatzeko. Hori dela eta, herritarrei dei egin diete Uribarri, Abusun, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean egingo diren kontzentrazioetara joan daitezen ostegun honetan, hilak 23, arratsaldeko 19:00etan.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak gogorarazi du pandemia garaiak mahai gainean jarri zuela zaintza eta osasun mentalaren garrantzia. Horrekin, adierazi du nahiz eta joan den urriaren 10a Osasun Mentalaren munduko eguna izan, ezer gutxi zegoela ospatzeko: “psikiatra, psikologo kliniko eta osasun mentalean espezializatutako erizain falta handia dagoeta plantilak lan-karga gero eta altuago pairatzen du”.

Federazioak salatu du, gainera, Osakidetzak desegin nahi dituela gaur egun dauden osasun mentaleko hiru sareak (Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa), plantilla propioa, aurrekontu propioa eta antolaketa propioa dutenak, eskualdeko beste ESI batzuetan integratzeko. "Berrantolaketa hori Osasun Itunaren ildoetako batean eztabaidatu da ("OSASUN MENTALA. Asistentzia-ereduaren sustapena, prebentzioa eta optimizazioa ") eta pribatizazioari ateak ireki diezazkioke”, gehitu du Federazioak.