BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Aitor Bizkarrak irabazi du Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketako lehenengo finalaurrekoa

uriola.eus 2025ko urr. 27a, 10:50

Egilea: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Zeanuriko Ibarreta frontoian jokatu zuten atzo, hilak 26, lehenengo finalaurrekoa eta abadiñotarra izan da garaile. Hurrengo saioa datorren azaroaren 2an izango da, Abadiñon.  

Aitor Bizkarra abadiñotarrak irabazi zuen atzo, hilak 26, jokatu zuten finalaurrekoetako lehenengo bueltako lehenengo saioa, 649,5 punturekin. Haren atzetik, bigarren izan da Jone Uria, puntu erdiko ezberdintasunarekin.

500 bertsozale inguru elkartu ziren Zeanuriko Ibarreta frontoian, kantuan Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Bittor Altube, Imanol Uria, Jone Uria eta Oihana Bartra bertsolariak ikusteko. Bizkarra bigarren itzuliko finalaurrekoetara zuzenean sailkatu da, azaroaren 15ean jokatuko dena, Bermeon. Gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute bigarren itzulian kantatzeko aukera. Honela geratu dira saioko puntuazioak:

Aitor Bizkarra Ruiz..............................649,5

Jone Uria Albizuri...............................649

Oihana Bartra Arenas........................629,5

Imanol Uria Albizuri...........................615

Aissa Intxausti Aburruza...................594

Bittor Altube Sarrionandia.................547

Beñat Vidal aritu da gaiak jartzen. Epaile lanetan, ostera, Ainhoa Arregi, Ander Arrien,  Garazi Mendoza, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes, Marta Ortiz eta Miriam Juaristi aritu dira. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi egon da.

Hurrengo saioa datorren azaroaren 2an izango da, Abadiñon, eta Aitor Etxebarriazarraga, Enare Muniategi, Gorka Pagonabarraga, Maite Sarasola, Txaber Altube eta Unai Mendiburu arituko dira kantuan.