Nafarroan PSOEk gobernatzen duenetik jartzen diren D eredu berri guztiak PAI D dira; hau da, ez dira euskarazko murgiltze-eredu hutsak, eduki batzuk ingelesez ere eman behar dira. Geroa Baik gobernatzen zuen garaian, PAI-Dn, astean, gutxienez ordu bat eman behar zen ingelesez. Ikastetxe askok aukeratzen zuten Plastikako ordu bat edo Gorputz Hezkuntzako ordu bat ematea ingelesez.
PSOEren (eta Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen) gobernuak, ordea, handitu egin du ingelesez eman beharreko ordu kopurua PAI-Drako, eta ezarri du Zientzia ikasgaia ingelesez eman behar dela. Lehen Hezkuntzan, 6 eta 12 urte arteko haurrei, astean gutxienez 6 ordu eta gehienez 12, ingelesez. Nafarroako haur gehienek 25 eskola-ordu dituzte astean.
Horren aurrean, Kontseiluak hauxe adierazi du: “Iazko maiatzean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 57/2024 foru agindua onartu zuen. Orain, 2025-2026 ikasturtean atzerriko hizkuntzen irakaskuntza orduak handitzera behartzean ari da Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa (AHIP, gaztelaniazko PAI) darabilten ikastetxeak, euskararen kaltetan. Atzerapauso oso larria dela deritzogu”.
Atzerapauso larria da Nafarroan ingelesak euskarari irakastorduak kentzea.
Atzerapauso larria al da EAEko 3L eredua ere? Hau da, edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dituen eredua?
Atzerapauso larria, EAEko hezkuntza publikoan “bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ikaskuntza-hizkuntzatzat” hartuko direla dioen 17/2023 Hezkuntza Legea?
Atzerapauso larria al da ikastola kontzertatuetan ere ingelesez irakastea oraintsu arte euskaraz irakasten ziren ikasgaiak?
Nafarroako PAI-D euskararen kaltetan diseinatu dela horren argi duten sindikatuek zer iritzi dute 3L irakaskuntza-ereduaz, ikasgai espezifikoak ingelesez irakasteaz?
Zer iritzi du EAJk, Hezkuntza Lege sustatu eta haren aldeko botoa eman zuenak?
Zer iritzi du EHBilduk, Hezkuntza Legea sustatu, baina haren kontrako botoa eman zuenak… zer eta D eredua mantentzeko aukera ematen zuelako!
Eta euskalgintzak? Euskalgintzaren Kontseiluak?
Berriki, euskararen aldeko Batuz Aldatu ekimenak bere bide-orria izanen den agiria aurkeztu du. Bertan, babesten du “euskarazko murgiltze-eredu eleaniztuna”. Berez kontraesankorra den zerbait: “murgiltzea” eta “eleaniztuna”. Besteak beste, bultzatzen du ingelesa goiz irakasten hastea (4 urterekin, adibidez), DBHn irakasgai bat edo batzuk ingelesez irakastea, etab.
Horren argi badugu PAI-Dk zer bilatzen duen Nafarroan, zertarako diseinatu duten, bere bitartez zer lortu nahi duten euskararen hedatzea kosta ahala kosta oztopatu nahi duten horiek… zer dela eta 3Lren onarpen akritikoa, are bultzada?
EAEn D ereduak aspaldi utzi zion berme izateari: hainbeste hedatu zen, ezen agerian geratu baitzen euskalduntzea soilik eskolaren bizkar uzteak ez duela balio. Ez digula balio. Ikastoletan aspaldi hasi ziren orain EAEn ezarri nahi duten “eredu eleaniztunarekin”. Hona ikastola bateko ama den Itziar Diez Ultzurrunen iritzia: “Batzuetan iruditzen zait eleaniztasunaren ziria ederki sartu digutela, pozik egin diogula amuari kosk”. (“Murgiltze-eredu urardotua”, Euskalerria Irratia, 2024-4-26).
Hala batean nola bestean, auzitan jarritako D eredua urardotzeak kalte latza eragingo dio hizkuntzaren normalizazioari. Alegia, bai: atzerapauso oso larria. Nafarroan, zein EAEn. Hortaz, Nafarroan PAI-Dren kontra dauden alderdi eta eragileak animatzen ditugu EAEn ere “hezkuntza eleaniztunari” kontra egitera, eta euskara hutseko D eredua mantentzera.
Mikel Basabe eta Fermintxo Zabaltza, Euskaltzaleen Foroko kideak