Hala, Birala! izeneko kultura digitalari buruzko 4 eguneko kanpusa antolatu dute Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak, Euskararen Etxean, goizeko 9:30etik 14:00ak arte. Izen ematea irekita dago azaroaren 10era arte, eta ondoren, plazak zozketa bidez esleituko dira. Zozketaren emaitza azaroaren 13an argitaratuko da.
Kanpusak irauten duen egunetan, lau ordu eta erdiz, hezitzaileek gidatuta eta adituen laguntzaz, gai hauek jorratuko dituzte, euskaraz: animazioa, euskarazko bideo-jokoak, sare sozialak eta ziberbizikidetza, argazkigintza, irratigintza eta bideogintza, besteak beste.
Lau eguneko kanpusa izango da bi bloketan banatuta: lehen atala abenduaren 22 eta 23an izango da eta bigarrena abenduaren 29 eta 30ean. Kanpusean parte hartzeko 3 aukera egongo dira eta horietako bat aukeratu behar da: bloke bietako bat edo kanpusa osorik egiteko aukera dago. Kanpuseko atal bakarra 10 eurokoa izango da eta kanpus osoak 17 euroko prezioa izango du.
Bilbon erroldatutako 2012 eta 2013 urteetan jaiotako gazteek eman dezakete izena, eta programan parte hartzeko lehentasuna izango dute aurretik kanpusean parte hartu ez dutenek. Banaka edo binaka apuntatzeko aukera dago.