Seriesland – Bilbao International Digital Festivalaren XI. edizioa azaroaren 6an, 7an eta 8an izango da. Inaugurazio jardunaldia, hilaren 6an egingo da, Bilborocken, 16:00etatik aurrera, eta lehiaketako Sail Ofizialeko edukiak aurkezteko proiekzioetan eta mahai- inguruetan zentratuko da. Edizio honetan, Serieslandek nazioarteko erakusleiho gisa duen posizioa indartu du, 20 herrialde eta bost kontinente baino gehiagoko ekoizpenak batzen dituen narratiba digitalaren maparekin. Horretaz aparte, gainera, apustu sendoa egingo da euskal ekoizpeneko azken serieak ikus-entzule guztiengana gerturatzeko.
Rose of Dolls Seriesland – Bilbao International Digital Festivaleko zuzendariak jaialdiaren programazio osoa aurkeztu du gaur goizean egindako agerraldian. Bertan izan dira Olatz Goitia, BEAZeko Zuzendari Nagusia, Agustin Atxa, Bilbao Ekintzako Film Commission Unitateko burua, eta Eneritz García Alonso aktorea (Fetitxe).
Saio guztiak sarrera librearekin izango dira, leku guztiak bete arte hilaren 6an Bilborocken, eta Golem-Alondegian ere doakoa izango da, baina leihatilatik pasatu beharko da sarrera bat hartzeko, edukiera kontrolatzeko. Guggenheim Bilbao Museora sartzea ere librea izango da dagoeneko jaialdiaren webgunean eska daitekeen gonbidapenarekin.
Jaialdia, azaroaren 6tik 8ra
Egitarauan The Shadow thriller korearraren aukeraketa nabarmentzen da. Kanadako proiektuen presentzia ere handitu egin da, Emmy baterako izendatutako Lauren Corber zuzendariaren My Dead Mom filmaren parte-hartzearekin. Izan ere, nabarmentzekoa da emakume sortzaileak gero eta leku handiagoa hartzen ari direla, urtez urte ikus-entzunezko panorama globalean duten ahalmen berritzailea berretsiz.
Bestalde, hainbat kategoriatako izendapenek egungo euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren une bikaina eta dibertsitate handia egiaztatzen dute. Desagertuta thrillerra nabarmendu behar da, izan ere, plataformetan arrakasta handia izan du. Horrekin batera, indarra hartzen ari diren Jon Lukas aktorea bezalako pertsonaiak erakarriko ditu jaialdira, tokiko talentua eta euskarazko ekoizpenak nazio zein nazioarte mailako esparrua zelan konkistatzen ari diren erakusten duen adibidea. Izendapena merezi du, halaber, Leire Martinezek (La Oreja de Van Gogh) Desagertuta lanean aktore hasi berri gisa eta Itsatsita berriz filmeko protagonista gisa egindako lan bikainak. Euskal serierik onenaren izendapena ere aipatu beharra dago, Borja Cobeagak zuzendutako Amazon Primeren Su Majestad ekoizpena.
Hain zuzen ere, azaroaren 7an, Golem zinema aretoetan estreinaldi-saioak izango dira, ikus-entzule gazteei eta helduei zuzendutako programazio orekatuarekin. Ume eta gazteen blokea 19:00etan hasiko da Go!azen 12ren aurrestreinaldiarekin, eta protagonisten presentziarekin. Helduentzat, Serieslandek Fetitxe seriea estreinatuko du 21:00etan, kutsu pikantea eta ganberroa duen ekoizpena. Eneritz Garcia eta Alazne Astorga protagonistak bertan izango dira.
Seriesland – Bilbao International Digital Festivalen egitarau osoa eskuragarri dago jada webgunean.
Euskal influencer onena
Berrikuntza gisa, edizio honek urteko influencer onenak saritu nahi dituen kategoria berri bat ere izango du. Euskadiko eduki-sortzaileek, sare sozialetan jarraitzen dieten ikus-entzuleekin topo egiteko euren lekua izango dute jaialdian. Horrela, Seriesland XI.aren itxiera azaroaren 8an izango da, 19:30ean Bilboko Guggenheim Museoan egingo den Sarien Gala Handiarekin.
Euskal Herriko eta nazioarteko sortzaileei omenaldia egiteaz gain, Kai Nakairen emanaldia ere izango da. Gainera, ekitaldian Euskal Edukiaren Sortzaile Onenaren sailean izendatutako influencerrak egongo dira, hala nola Beñat Olea –eta euskarazko hitzei buruzko bere bideoak–, Ane Lindane –euskal kulturarekin eta feminismoarekin konprometitua– edo BocaBeats Comedia –bakarrizketa Beatbox komediarekin nahasten paregabeak–.
Gaueko une gorena Showrunner Onenaren saria izango da, nazioarteko sari nagusia. Serieslandek aniztasunarekin duen konpromisoa sinatuko du Artemisa Emakume Sortzailea sari bereziaren bidez. Sari horrek ikusgaitasuna ematen dio emakumeak industria honetan duen ekarpenari. Gainera, jaialdiak bertako talentua sarituko du alemaniako Die Seriale jaialdirako zuzeneko pasea emango duen Euskal Telesail Onenaren sariarekin.