RENFE eta Eusko Jaurlaritza: euskaldunoi errespetua!!

Fermintxo Zabaltza 2025ko urr. 29a, 08:37

Eusko Jaurlaritzak Renferen aldirietako zerbitzuak kudeatzen ditu 2025eko urtarrilaren 1etik, PSEko Susana García Chueca Garraio-sailburu. Euskaldunoi ezikusiarena egiten jarraitzen dute baina: leihatilan nahiz trenetako ikuskarien artean nekez aurkituko duzu sikiera ENE! maila daukan inor (Egun on, Nora zoaz?, Eskerrik asko!).

Hortaz, 2025ean eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik ere, euskaldunok ez dugu euskarazko arreta inondik ere ziurtatua, eta txartelak erosteko makinetan ere, hautazko hizkuntza euskara hautatu arren eduki asko espainieraz edota penagarri itzulita daude (“kanbela bankuotzeak”, “Re-impresi bankuotzeak”, “bestelegoko bidaiak”…).

Are gehiago,“segurtasun-langile” batzuk oldarkor aritzen dira euskal hiztunen aurka.

Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketari azkena eman behingoz RENFEren zerbitzu guztietan (xenofobia da). Bi hitzetan: Euskaldunoi errespetua!

Eskari honi behar bezala erantzungo diozuelako itxaropenez, García Chueca anderea, jaso gure agurrik beroena.

 

Fermintxo Zabaltza
(Euskaltzaleen Foroa)