33 urte beteko ditu aurten bertsolari gazteei zuzendutako sariketak. Bertsolari Gazteen 33. BBK Sariketa datorren azaroaren 3an hasiko da Bilboko Urretxindorra Ikastolan. Finala abenduaren 4an izango da Zornotzako Zelaieta Zentroan. Txapelketako antolatzailea BBK da, eta laguntzaileak Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Bizkaiko Ikastolen Elkartea dira.
Urtero bezala, taldeak adinaren arabera multzokatzen dira (A eta B), eta A mailakoek hirukoteak osatuko dituzte eta B multzoko taldeak bikoteka osatuko dira. Horri gehituta, aurten ere ez da kontuan hartu taldeen osaketetan eskualde berekoak izan behar direnik, hortaz, bertsolariek euren gogora osatu dituzte taldeak.
A multzoan Bilboko Amaiur Betanzos dago Baldarrak taldean Beñat Enbeita (Gernika-Lumo) eta Eider Fernandezekin (Bermeo). B multzoan, aldiz, Maite Sarasola deustuarrak osatu du taldea Ixone Asategirekin (Durango), Maiixo izenpean.
Aipatu bezala, aurten finala Zornotzan izango da Bizkaiko erdigune geografikoa delako eta Durangotik hurbil kokatuta dagoelako, euskal kulturgintzaren erreferente handia den azoka ospatzen delako finala izango den datetan.
Kanporatze sistemako txapelketa
Lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango ditu txapelketa honek. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen multzo bakoitzeko bikoteak egingo du aurrera.
Bestalde, sariketa denez, sariak ere badaude. A mailakoek Elkar bonoa izango dute sari moduan eta hirukote txapeldunak, txapela. Bestalde, B mailakoek sari ekonomikoa ere izango dute eta bikote txapeldunak, txapela ere bai. Amaitzeko, kantaera onenaren saria ere egongo da.
Dena dela, eta azken urteetan egindako moduan, denontzako saria ere egongo da. Antolatzaileek garrantzi berezia eman diete bertso-eskoletako gazteen saretzeari, eta beraz, aurten ere, parte hartzaileentzako bertso egonaldia egingo da azaroan bertan. Besteak beste, bertso-eskola eta egun osoko plana izango dituzte gazteek.
Daten zehaztapena
Azaroak 3, 10:00 – Urretxindorra Ikastola, Bilbo
Azaroak 5, 10:00 – Arratia BHI, Igorre
Azaroak 10, 10:00 – Mimetiz BHI, Zalla
Azaroak 17, 17:30 – Mugire Txokoa, Mungia
Azaroak 19, 17:30 – Elai-Alai Aretoa, Gernika-Lumo
Abenduak 4 , 18:30 – Zelaieta Zentroa, Zornotza