BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Aitor Etxebarriazarragak irabazi du bigarren finalaurrekoa

uriola.eus 2025eko azaroaren 3a

Abadiñoko Probalekuan jokatu zuten atzo, hilak 2, bigarren finalaurrekoa eta gernikarra izan da garaile. Hurrengo saioa datorren azaroaren 9an izango da, Barakaldon. 

Aitor Etxebarriazarragak gernikarrak irabazi zuen atzo, hilak 2, jokatu zuten finalaurrekoetako lehenengo bueltako bigarren saioa, 651,5 punturekin. Haren atzetik, bigarren izan da Txaber Altube, 607,5 punturekin.

500 bertsozale baino gehiago elkartu ziren Abadiñoko Probalekuan, kantuan Aitor Etxebarriazarraga, Enare Muniategi, Gorka Pagonabarraga, Maite Sarasola, Txaber Altube eta Unai Mendiburu bertsolariak ikusteko. Gernikarra bigarren itzuliko finalaurrekoetara zuzenean sailkatu da, azaroaren 15ean jokatuko dena, Bermeon. Gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera izango dute bigarren itzulian kantatzeko aukera. Honela geratu dira saioko puntuazioak:

Aitor Etxebarriazarraga.................................651,5

Txaber Altube..............................607,5

Gorka Pagonabarraga.......................604,5

Unai Mendiburu...........................600

Maite Sarasola...................562

Enare Muniategi..................552

Saioan gai-jartzaile beharretan Igor Menika aritu da. Epaile, ostera, hauek izan dira: Ainhoa Arregi, Ander Arrien, Garazi Mendoza, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes, Marta Ortiz eta Miriam Juaristi. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi egon da.

Hurrengo saioa datorren azaroaren 9an izango da, Barakaldon, eta Ibai Amillategi, Irune Basagoiti, Lurdes Ondaro, Mikel Goiriena, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia arituko dira bertsotan.