ZINEBIren 67. edizioa aurkeztu dute

uriola.eus 2025eko azaroaren 4a

Guztira 9.000 filmek eman dute izena, eta horietatik 44 herrialdetako 156 film programatu ditu Jaialdiak. Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak bi ataletan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk.

ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 67. edizioa azaroaren 21etik 28ra izango da. Inaugurazio-gala  dio azaroaren 21ean, ostirala, izango da, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Amaiera ekitaldia azaroaren 28an izango da, eta egun horretan epaimahaiak ezagutzera emango du bere palmaresa, 83.000 euroko sariekin.

Atzo, hilak 3, udaletxean egindako prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Ana López Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendariak ZINEBI 67ren programazioren berri eman zuten.

ZINEBIko zuzendariak esan du guztira 9.000 filmek eman dutela izena, eta programazioan 44 herrialdetako 156 film programatu direla. Film horietatik, eta horietatik 132 film laburrak dira, 6 metraje ertainekoak eta 18 film luzeak. 156 filmetatik, 78etan zuzendariak emakumeak dira eta 101etan berriz, gizonak. Aurkeztutako 72 film Estatuan estreinatzen dira. Gainera, 41 film euskal ekoizpenekoak dira: 33 film labur, 6 film ertain eta 2 luzemetraiak.

Jaialdiak hainbat egoitza ditu aurten ere: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, BBK Aretoa, Golem-Alhondiga Zinemak eta Azkuna Zentroko Auditorioa, eta sarrerak jada salgai daude.

Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak bi ataletan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Lehenengo atalean Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa sartzen da. Bigarrenean, Beautiful Docs, Bertoko Begiradak baita beste saio berezi batzuk ere. Sail Ofizialeko irabazleak epaimahai batek aukeratuko ditu.

 

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa

Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren sail ofizialak 33 herrialdetako 58 film bilduko ditu 67. edizioan. 19 film fikzioak dira, 19 dokumentalak eta 20 animazioak. Aurten Alemaniako (9) eta Frantziako (7) konpainiek ekoiztutako edo koproduzitutako film laburren presentzia nabarmentzen da.

Zinemaldiko programazio-taldeak bost euskal ekoizpen (edo koprodukzio) hautatu ditu, eta Estatuan estreinatuko dira hilaren 22 eta 23an, lehen lau saioetan: “El cuerpo de Cristo” (Bea Lema, 2025), “Geratzen den hori” (Aitor Gametxo, 2025), “Habana industrial” (Ainhoa Ordoñez Yralagoitia, 2025), “Le prime volte” (Giulia Cosentino & Perla Sardella, 2025) eta “Ultramarino” (Maren Zubeldia & Silvina Guglielmotti, 2025).

 

Beste proiekzio batzuk

  • BERTOKO BEGIRADAK

Bertoko Begiradak sailaren programazioarekin tokiko zinemagileen kezka tematiko eta formalen panoramika zabala aurkezten dio bertako publikoari. 67. edizio honetan, erakusketak euskal ekoizpenekoak edo beste lurralde batzuekin batera ekoitzitako 5 film luze dokumental eta 33 film labur biltzen ditu. 22 emakumek eta 18 gizonek zuzendutako 33 titulurekin, Zinemaldiak euskal sorkuntzarekin, aniztasunarekin eta ikus-entzunezkoen arloko berdintasunarekin duen konpromisoa berresten du.

Berrikuntza gisa, film laburrek hiru sari lortzeko aukera izango dute aurten: EITB Publikoaren Saria (3.000 euro), Epaimahai Gaztearen Saria (2.000 euro) eta (H)emen – Mirentxu Loyarte Saria (2.000 euro), zeinarekin ZINEBIk eta (H)emen elkarteak nafar zinemagile aitzindariari omenaldia egiten dioten.

  • BEAUTIFUL DOCS

Sail paraleloen barruan, ZINEBIk 2024ko film luze dokumental onenetako batzuk aurkeztuko ditu Beautiful Docs – Panorama de Documentos del Mundo atalean. Edizio honetan 9 film luze dokumental bilduko ditu, Venezia, Amsterdam, Locarno, FID Marseille edo Visions du Réel bezalako jaialdietan aurkeztutakoak, dokumentalista gazteek eta generoaren maisu handiek sinatuak. Kamal Aljafari palestinarraren “With Hasan in Gaza” lanak irekiko du atala, Locarnon aurkeztua eta Toronton hautatua.

Palestinatik, Belgikatik, Espainiatik, Italiatik, Portugaletik, Frantziatik, Suitzatik, Alemaniatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako film hauek dokumental garaikidearen aniztasunean zeharreko ibilbidea eskaintzen dute, begirada politikoaren, memoria intimoaren eta esplorazio formalaren artean.

  • CZECH FOCUS, HERRIALDE BATEN MAGIA BIZIDUNA

ZINEBIk Europako zinemaren tradiziorik liluragarrienetako bat ezagutzera gonbidatzen zaitu: animazio txekiarra. Trnka, Zeman edo Švankmajer-en unibertso poetikoetatik Daria Kashcheeva buru duen belaunaldi berri baten begirada ausartetara, atzera begirako honek, hogei bat tituluren bidez, omentzen du ia mende bat duen  artisau-irudimenez, esperimentazioz eta edertasunez beteteako animazio txekiarra.

  • ZINEBISKOPIOA

ZINEBIren Zinebiskopio sail berriak kultura irisgarri, inklusibo eta eraldatzailea ekarriko du, zinema elkarrizketa sozialerako eta memoria kolektiborako tresna gisa ulertuz. BBK Aretoan egiten den saio bakoitzean, proiekzioak eta solasaldiak tartekatuko dira zinemagile, espezialista eta gizarte-eragileekin.

Proposamen hau bost gai-esparrutan egituratzen da: komunitate georgiarra eta haren integrazio kulturala; artea eta zinema, gizarteratzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketarako bitarteko gisa; ikus-entzunezko sorkuntza, gaixotasun mentalen aurkako babes gisa; memoria historikoaren berrikuspena; eta dokumentala, memoria kolektiboaren euskarri eta eraikitzaile gisa.

  • SAIO BEREZIAK

ZINEBI Gordailua Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta 339 kopia biltzen ditu, 16 eta 35 mm-tan. Horiek osatzen dute jaialdiaren film-ondarea. 67. edizio honetan, Zinemaldiak bi saio monografiko programatzen ditu funts historiko horretatik abiatuta.

 

Ohorezko Mikeldi Sariak

Duela 25 edizio baino gehiagotik gertatzen ari den bezala, ZINEBIk zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa aitortzen du. 67. edizio honetan, Zinemaldiak Pablo Berger zinemagile bilbotarrari eta Esther Garcia ekoiztetxeari emango dizkio sari horiek. Pablo Bergerrek Ohorezko Mikeldia jasoko du azaroaren 21eko inaugurazio galan, eta Esther Garciak, berriz, ZINEBIren amaiera galan, azaroaren 28an.

Zinemagile bilbotarra filmografia koherente, arriskatu eta sakonki humanista baten egilea da, tradizioa eta modernitatea, emozioa eta pentsamendua, umorea eta malenkonia uztartzen dituena. “Mamá”-tik “Robot Dreams”-era, bere zinemak asmakuntza formala, samurtasuna eta argitasun morala uztartzen ditu, egunerokotasunean ezohikoa dena arakatuz.

Esther García zinema espainiar garaikidean funtsezko figura eta zinema ekoizpenean erreferente ukaezina da. Bere ibilbidean zehar, garaiko autore garrantzitsuen lana bultzatu du, eta ekoizpenaren zeregina finkatu du, sormenezko eta kulturarekiko konpromisozko ekintza gisa. Pedro Almodóvarren kolaboratzaile erabakigarria izan zen, eta El Deseo ekoiztetako zinemagile berri askoren kolaboratzailea. Zorroztasuna, sentsibilitatea eta zinemari zerbitzua emateko bokazio sakona uztartzen ditu haren lanak.

 

Zinebi Networking

Zine Dokumentaleko VIII. Foro Profesionalak – ZINEBI Networking-ek sortze- edo amaitze-prozesuan dauden ekoizpen dokumental berriak bultzatzeko konpromisoa berresten du. Gune hau Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren funtsezko zatia da, eta sektoreko zuzendarien eta profesionalen arteko topagune gisa funtzionatzen du, elkarrizketa, hausnarketa eta sormen-laguntasuna sustatuz. Edizio honetan, garatzen ari diren zazpi proiektu eta azken fasean dauden lau aurkeztuko dira, eta Eusko Jaurlaritzak, RTVEk eta EITBk emandako 10.000 euroko hiru laguntza ekonomiko lortzeko aukera izango dute.