TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, azaroaren 21ean banatuko ditu TOKIKOM Sariak, MUren Aretxabaletako campuseko Ideienea gune berrian. Urtero bezala, 9. edizio honek toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenei emango die sariak.
Ekitaldia 11:00etan hasiko da, kafe eta mokadutxo batekin, eta, jarraian, TOKIKOM SARIAK banatuko dira bederatzi finalisten artean. Sarien helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da.
Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatuko du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Oraingo honetan RTVEko Urbano García Alonso gonbidatu du, Adimen artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta erronkak aztertuko dituzte. Urbano García Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.
Sariketa antolatzeko, TOKIKOMek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.