Administrazioan Euskaraz Taldeak Eusko Jaurlaritzak euskara gutxietsi duela salatu du. “Euskaldunok ohituta gaude euskara bigarren (edo hirugarren) mailan uzten dituzten erabakiak eta arauak ikustera, baita horiek pairatzera ere. Baina oraingoan nork eta Eusko Jaurlaritzak gutxietsi du gure hizkuntza”, adierazi du taldeak.
2025eko uztailaren 18an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Euskadin erlezaintza antolatzekoa araua (139/2025 Dekretua) argitaratu zen zeina Gobernu Kontseiluak onartu zuen, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo Martinek proposatuta.
Erlezaintza antolatzeko Dekretuak hizkuntzaren inguruan hainbat kontu arautzen ditu. Lehenik eta behin, kontsumitzaileentzako informazioa derrigorrez gaztelaniaz idatzi behar dela xedatzen du 11.3 artikuluak, eta euskarazkoa guztiz borondatezkoa eta gaztelaniaren osagarria beti ere. Horrez gain, 11.2 artikuluan, Jaurlaritzak agindu zezakeen etiketetako informazioa nahitaez euskaraz egon beharra, baina ez du aukera baliatu.
Bestalde, erlauntzen seinalizazioan euskara bigarren maila jartzeko agintzen du Dekretuaren 8.2 artikuluak: «Atención Abejas / Kontuz erleak» edo «Abejas trabajando / Erleak lanean». “Hurrenkera hori Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak berak onartutako hizkuntz irizpideen aurkakoa da, baina Gobernu Kontseiluak ez du arazorik izan horren aurkako Dekretua onartzeko”, nabarmenud du Administrazioan Euskaraz Taldeak.
Hori horrela izanik, taldeak esan du ez duela ulertzen Eusko Jaurlaritzaren “utzikeria” kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko “Ezin dugu konprenitu euskara bigarren mailakotzat jotzea, EAEko Estatutuan eta azaroaren 24ko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legean euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza dela jaso denean, eta botere publikoei dagokienean euskaldunon eskubideak zaintzea eta bermatzea”, gehitu dute .
Horregatik, eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari abiaraz dezala EAEko Erlezaintza antolatzeko 139/2025 Dekretua aldatzeko prozedura. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote hemendik aurrera euskaldunen hizkuntza-eskubideak modu errealean bermatzeko erabakiak har ditzala: “kontsumo-arloan ere bai, euskaldunok erosten ditugun produktuen informazioa euskaraz irakurtzeko aukera izan dezagun”, amaitu dute.