Bilbobus sarea berrantolatuko dute hiriaren eta auzoen benetako beharretara egokitzeko

uriola.eus 2025eko azaroaren 5a

Egilea: Bilboko Udala

Linea kopurua 37tik 39ra gehituko da, geltokiak 527tik 541era areagotu, eta ibilbideak eta maiztasunak egokituko dira, eskaera berriei erantzuteko. Zerbitzua birmoldatuz, estaldura handiagoa emango da goi-auzoetan eta garapen-eremuetan.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak Bilbobusen zerbitzua berrantolatzeko proposamena aurkeztu du. Helburua da zerbitzua hiriaren eta auzoen benetako beharretara egokitzea, batez ere estaldura txikiena duten edo erdigunetik urrunen dauden auzoenak. Horrela, gaur egungo kalitate-estandarrei eta ingurumen-jasangarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko konpromisoari helduko diote.

Proposamena azterlan sakon batean oinarritu da, eta hainbat herritar-elkartek, ordezkari politikok, teknikarik, zerbitzuko operadorek eta erabiltzailek parte hartu dute prozesuan. Hauek guztiek berriro aztertu eta analizatuko dute. Proposamenaren arabera, 37 lineatik 39ra handituko da zerbitzua.

 

Aldaketak lineetan

Hiriaren garapen-eremu berriak areagotu direnez, gaur egungo auzo-lineak linea erregular bihurtu dira, eta linea batzuk bitan banatu dira, Plaza Biribilaren intermodalitatea ahalbidetzeko. Horregatik, bada, linea erregularren kopurua handitu egin da, bai eta geltoki kopurua ere, orain dauden 527etatik 541era igaroko baitira.

Gaur egun erabiltzen diren linea guztiak mantendu egingo dira, baina zenbait egokitzapen egingo dira zerbitzua egungo beharretara egokitzeko. Hamaika lineatan zenbait aldaketa egingo dira ibilbidean, zerbitzua optimizatzeko xedez. Bestalde, zerbitzua areagotu egingo da, maiztasuna handituko baita Artxanda, Bolueta, Miribilla, Zorrotza eta Zorrotzaurre auzoetatik igarotzen diren zazpi lineatan.

Hiriaren erdialdean aldaketak egingo dira: Intermodalitatea indartuko da Plaza Biribilan eta Geltoki Intermodalean, zerbitzuaren arintasuna hobetuz eta itxarote-denborak murriztuz.

Era berean, ondorengo fase batean egokitu beharko diren linea batzuk identifikatu dira, hiriaren etorkizuneko garapenak konektatuko baitituzte (Zorrotzaurre), edota azpiegitura berriak ezarriko diren zonak (Arangoitiko igogailuak, edo tranbia Olabeagara iristea).

Maiztasuna egokituko da beste garraio publiko batzuk ere badauden zonetan zerbitzua ematen duten bost lineatan, Otxarkoaga, Arabella eta Castañosen.

Zerbitzua indartuko da garraio publiko bakarra Bilbobus den eremuetan, eta bikoiztasunak murriztuko dira garraio publikoko beste alternatiba batzuk dauzkaten zonetan.

 

Bilbobus, azken 17 urteetako erabiltzaileen errekorra

Aurten, Bilbobusek berriro gainditu du azken 17 urteetako erabiltzaileen errekorra, 26 milioira iritsi baita; egun askotan, 100.000 bidaiari baino gehiago izan dira. Datu horiek erakusten dute goranzko joera dagoela oraindik. Bide horretan jarraituz gero, 2025a erabiltzaile kopuru handieneko urtea izan daiteke 1996az geroztik, 28 milioira iritsita.

Bilbobusek 141 autobus dauzka gaur egun; horietako 94 hibridoak dira eta 26 elektrikoak. Autobusek, batez beste, 5,14 urte dituzte eta haietako % 85 berritu egin da.

Bilbobusek 527 geltoki ditu, hau da, Bilboko biztanleen ia % 100ak geltoki bat dauka etxetik 300 metro baino gutxiagora.