Loraldiak Ikimilikiliklik Vol.2 ekoizpen propio berria aurkeztu du. Duela 50 urte Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak sortutako Ikimilikiliklik mugarriarekin elkarrizketa zuzena proposatzen duen ikuskizun anbiziotsua da. aurre estreinaldia Saroben izango da azaroaren 12an. Eta estreinaldi handia, azaroaren 14an, Iruñeako Baluarten, Iruñaldiaren programazioaren baitan. 2026ko martxoaren 12an Arriaga Antzokian egongo da.
Edurne Azkarate zuzendari artistikoaren gidaritzapean, gaur egungo sortzaile talde indartsu batek jatorrizko lanaren espiritu esperimentalean murgildu da funtsezko galdera bati erantzuteko: zer da gaur egun abangoardia izatea? Emaitza musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizun apurtzailea da.
Ikimilikiliklik Vol.2 ez da soilik ikuskizun bat, asmoen adierazpen bat da. “Kulturak bizirik dirauela eta bere etorkizuna eraikitzeko iraganari galderak egin behar dizkiola frogatzen du”, nabarmendu du Loraldiak. Loraldian izpiritua berreskuratzen duela, euskarazko sorkuntza abangoardia dela eta izaten jarraituko duela erakustsi nahi dute ikuskizun honekin.
Ikimilikiliklik, mugak gaindituz
Duela 50 urte, euskal kultura bere mugak birdefinitu zituen gertakari baten lekuko izan zen. Mikel Laboak, Joxean Artzek, Jesus Mari Artzek eta Jose Luis Zumeta margolariak Ikimilikiliklik sortu zuten, "sentikari" bat, Laboaren ahots ikonikoa, Artzeren poesia telurikoa eta Zumetaren plastika berritzailea modu ezezagunean fusionatu zituena.
Hain proposamen apurtzailea izan zen, ezen mugak gainditu zituen, Veneziako Arte Bienean txalotua izan zen eta euskarazko modernitatearen eta esperimentazioaren sinbolo bihurtu zen.
Ez da imitazioa
Nostalgiatik urrun, Loraldiaren ekoizpen berri hau erantzukizun artistikoko ekintza gisa planteatzen da. 2025eko ikuskizunak bi garaiak lotzen dituen zilbor-hesteari heldu eta tenk egiten dio.
Sorkuntza berri honek garai hartako ‘dena egiteke dago’-ren eta oraingo ‘dena egina dago’-ren arteko tentsioa aztertzen du. Testu berrien, Laboaren musika berrikusiaren, Artzeren poesiaren eta zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren bidez, lantalde artistikoak jatorrizkoek izan zuten baimen bera ematen dio bere buruari: erabat garaikideak eta arriskutsuak izatekoa. Izan ere, proiektu honen abiapuntua galdera argi bat da: zer zor diogu jatorrizko lanari? Eta erantzuna argia izan da: haiek bezain ausartak eta garaikideak izatea. Beraz, XXI. mendeko proposamen honek elkarrizketa bat planteatzen du, eta ez omenaldi bat.
Erronka aurrera eramateko, gaur egungo euskal eszenaren onena ordezkatzen duen aparteko lantaldea bildu duela adierazi du Loraldiak:
Edurne Azkarateren zuzendaritza eszenikoak ikuspegi fresko eta kontzeptuala dakar. Iñaki Salvador musikariaren interpretazioak eta presentziak, Mikel Laboaren kolaboratzaile historikoa izanik, bi munduen arteko zubilana egiten du. Harekin batera, Oreka Tx taldearen maisutasun erritmiko eta esperimentalak proiektuari lurra eta abangoardia ematen dizkio. Libe Kortazar abeslariak bere ahots hunkigarria eta kantuen interpretaziorako talentu berezia eskainiko dizkio ikuskizunari. Intza Alkain aktoreak bere eszena-indarra eta sentsibilitate dramaturgikoa gehituko ditu. Itziar Garaluce artista bisualak zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren ardura izango du, bere teknika misto eta esperimentalarekin esperientzia sentsoriala osatuz. Azkenik, giroa eta atmosfera borobiltzeko, Vanesa Santosen argi diseinu landuak eta Mikel F. Krutzagaren soinu-espazioak funtsezko papera jokatuko dute.