Xabat Galletebeitia irabazi du finalaurrekoen lehenengo bueltako azken saioa

uriola.eus 2025eko azaroaren 10a

Egilea: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Barakaldoko Lasesarre kiroldegian jokatu zuten atzo, hilak 9, finalaurrekoen lehenengo bueltako azken saioa eta lekeitiarra izan da garaile. Horrela, erabakita geratu da nortzuk kantatuko duten bigarren bueltako bi finalaurrekoetan.

Xabat Galletebeitia lekeitiarrak irabazi zuen atzo, hilak 9, jokatu zuten finalaurrekoetako lehenengo bueltako azken saioa, 653 punturekin. Haren atzetik, bigarren izan da Onintza Enbeita, 626 punturekin.

Ibai Amillategi, Irune Basagoiti, Lurdes Ondaro, Mikel Goiriena, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia bertsolariek hainbat bertsozale elkartu zituzten Barakaldoko Lasesarre kiroldegian. Lekeitiarra bigarren itzuliko finalaurrekoetara zuzenean sailkatu da, azaroaren 22an jokatuko dena, Markina-Xemeinen. Gainontzeko bertsolariek, puntuazioaren arabera dute bigarren itzulian kantatzeko aukera, eta hauetatik Onintza Enbeita pasatu da. Honela geratu dira saioko puntuazioak:

Xabat Galletebeitia Abaroa_______653

Onintza Enbeita Maguregi_______626

Ibai Amillategi Omaetxebarria __ 591.5

Lurdes Ondaro Mallea__________586

Mikel Goiriena Larrazabal___ 569

Irune Basagoiti Agirre_______515.5

Saioan gai-jartzaile beharretan Idoia Anzorandia aritu da. Epaile, ostera, hauek izan dira: Ainhoa Arregi, Ander Arrien,  Garazi Mendoza, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes, Marta Ortiz eta Miriam Juaristi. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi eta  Itziar Basterretxea egon dira.

Horrela, erabakita geratu da finalaurrekoen bigarren bueltako saioetan egongo diren bertsolariak. Azaroaren 15ean, Bermeoko Artza frontoian Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Onintza Enbeita eta Unai Mendiburu egongo dira.  Azaroaren 22an, berriz, Markina-Xemeingo Uni frontoian, Gorka Pagonabarraga, Imanol Uria, Jone Uria, Oihana Bartra, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia bertsolariak arituko dira kantuan. Finalaurrekoetako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.