ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek manifestazioa egingo dute bihar, azaroak 12, EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya! lelopean. 11.30ean abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, PSE-EEko egoitzatik pasako da eta Sabin Etxean bukatu. EAJri eta PSE-EEri eskatuko diete osoko bilkuran gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilea eztabaidara onar dezatela.
EAJk eta PSE-EEk gutxieneko soldataren aurkako iritzia publiko egin dute eta sindikatuen iritziz gutxieneko demokratikoa da 138.495 sinadura jaso dituen ekimen herritar bat eztabaidatzeko aukera izan dadila. EAJren iritziz gutxieneko soldataren erabateko eskuduntza aldarrikatu beharko litzateke, estatuaren inongo esku-hartzerik gabe, eta sindikatuen ekimenak ez du anbizio hori betetzen.
“Sakonean, EAJk eta PSE-EEk, pentsiodunekin gertatu bezala, Eusko Legebiltzarrean iruzur demokratikoa gerta daitekeela aurreratzen ari dira”, adierazi du LABek. 138.495 langilek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatu dute eta gutxieneko demokratikoa da herritar horien eskakizuna eztabaidatzea. Herri ekimen legegileak dira herritarrek politika egiteko duten mekanismo demokratikoa: “eztabaida ukatzea erabateko iruzurra litzateke eta politikaren ikuspegi elitista eta autoritarioa erakutsiko luke”, argitu du sindikatuak
LAB sindikatuak nabarmendu du EAJ eta PSE-EE garaiz daudela herritarren ahotsari bide emateko eta Eusko Legebiltzarreko biharko osoko bilkuran gutxieneko soldataren herri ekimena eztabaidara onartzeko. Ondoren, eztabaidan alderdi bakoitzak bere aldarrikapenak mahaigaineratuko ditu, “baina ez da onargarria eztabaida bera ukatzea”. Sindikatuak prest daude Eusko Legebiltzarrean alderdien ekarpenak eztabaidatzeko; alderdiek negoziatzeko prestutasun horri bizkarra ematea ulertezina litzateke.