Loraldiak Femias Kolektibaren Ahotsak AA(r)entzat proeiktua saritu du Loraldiaren 4. Sormen Digitaleko Bekarekin. Hala, Femias Kolektibak 10.000 euroko saria jasoko du lana garatzeko, eta emaitza 2027ko Loraldia Festibalean aurkeztuko dute.
Epaimahaiak bereziki baloratu du proposamenaren izaera berritzailea, kritikoa eta parte-hartzailea, euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan mugarri berri bat jartzen baitu.
Loraldia Sormen Digitala Bekak, aurreko edizioetan bezala, euskarazko sorkuntza digital natiboari bultzada emateko konpromisoari eusten dio. “Ahotsak AA(r)entzat proiektuak ezin hobeto islatzen du bekaren espiritua: diziplinak nahastea, ikuspegi berriak eskaintzea eta euskara abangoardiako kultur adierazpenen erdigunean kokatzea”.
Euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketa
Femias kolektiboa garatuko duen proiektu honek, instalazio interaktibo bat proposatzen du, adimen artifizial-makina bat protagonista izango duena hain zuzen ere. Instalaziora hurbiltzen diren pertsonek elkarrizketa bat izango dute adimen artifizial horrekin, galdera nagusi bati erantzunez: zer da euskal nortasuna/euskal kultura?
Elkarrizketa hauen bidez, AAk egunero eguneratuko du euskal izaeraren inguruan duen ulermena, parte-hartzaileen ahotsetatik, esperientzietatik eta kontakizun pertsonaletatik ikasiz. Horrela, proiektuak makinaren hezkuntza kolektiboaren prozesu bat proposatzen du, eta aldi berean, euskararen presentzia indartu nahi du adimen artifizialean, aurrez aurretik dituen aurreiritziak eta giza istorioak interpretatzeko moduak jokoan jarriz.
Instalazioak hausnarketarako gonbita egiten du, galdera ireki hauen bidez: AAk euskalki guztiak ulertzeko gai izango al da? Nola aldatuko ditu bere hasierako ideiak? Kontraesanarekin bizitzen ikasiko al du? Adimen artifizial batek kultura bizidun baten konplexutasuna ulertu edo bizi dezake?
Femias kolektiboa
Femias kolektiboa 3 emakumek osatzen dute, eta arteak, teknologiak eta feminismoek bat egiten duten ala ez aztertzen du. Bere eginkizuna adimen artifizialen eta haien ekosistemaren gaineko begirada kritikoa eraikitzea da, haien mugak eta joerak ulertuz, eta haiek etikoki eta feminismoz berjabetzea ahalbidetuko duten tresnak eta irudimenak sustatuz.
Ikuspegi feminista intersekzionaletik, adimen artifizial generatiboak zeharkatzen dituzten joerak eta estereotipoak ikusarazteko eta desartikulatzeko lan egiten dute, pentsamendu kritikoa eta praktika kontzienteak bultzatuz.