Milaka langile atera dira kalera gaur gutxieneko soldataren alde

uriola.eus 2025eko azaroaren 12a

Argazkia: LAB sindikatua

AJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya! lelopean biatu da gauko mobilizazioa Eusko Jaurlaritzatik. Eusko Jaurlaritzari, Alderdi Sozialistari eta Eusko Alderdi Jeltzaleari exijitu diete herri ekimen legegilearen alde egin dezaten.

Milaka langile mobilizatu dira Bilboko kaleetan, gutxieneko soldata propioaren alde. Manifestazioa ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deitu dute, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak eragindako blokeoa salatzeko, eta Jaurlaritza sostengatzen dutenn alderdiei herri ekimen legegilearen alde egiteko eskatzeko.

Goizeko 11:30ean abiatu da Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik EAJ-PSE-Confebask, pobreziaren errudunak; SMI vasco ya! lelopean. PSE-EEko egoitzatik pasatu da eta Sabin Etxean bukatu du. Gaur agerian geratu da gehiengo sozialak enplegu duinak nahi dituela, gutxieneko soldata propio bat aldarrikatzen.

Patronalak, negoziazio kolektiboaren bidea blokeatu du, eta bitartean, Eusko Jaurlaritzak herri ekimen legegilearen aurkako txostena argitaratu du, herritarren eta langileen borondatearen aurka eginez.

“Gogoan izan behar dugu 138.495 sinadura bildu zirela gutxieneko soldataren alde, prekaritate eta pobrezia egoerei aurre egiteko, eta aberastasuna bidezko moduan banatzearen alde”, adierazi dute sindikatuek, eta sinadura horiek herri honen gehiengoaren borondatea islatzen dutela.

Horregatik, larritzat eta antidemokratikotzat hartu dute Jaurlaritzako alderdiek hartu duten jarrera: “pentsiodunekin egin zuten bezala, sindikatuek bultzaturiko herri ekimen legegilea atzera bota nahi dute, eztabaida bera ukatuz”.

Bihar, Eusko Legebiltzarrean, herri ekimen legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatuko dute. Hori dela eta, gaurko mobilizazioan, Eusko Jaurlaritza, Alderdi Sozialista eta Eusko Alderdi Jeltzalea interpelatu dituzte sindikatuek: herritarren borondateari men egin diezaioten eta herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide eman diezaioten. “Aukera paregabea dute euren posizioa birpentsatzeko”, eta argi utzi dute bihar erakutsiko dutela alderdi politikoek “norekin dauden: langileen eskubideak edo patronalaren interesak defendatzen”.