Aitor Bizkarra abadiñotarrak irabazi du azaroaren 15ean jokatu zuten finalaurrekoen bigarren bueltako lehen saioa, 664 punturekin. Haren atzetik, bigarren izan da Aitor Etxebarriazarragak, 641,5 punturekin.
Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Onintza Enbeita eta Unai Mendiburu bertsolariek hainbat bertsozale elkartu zituzten Bermeoko Artza frontoian. Honela geratu dira saioko puntuazioak:
Aitor Bizkarra Ruiz.................................664
Aitor Etxebarriazarraga Gabiola..............................641.5
Onintza Enbeita Maguregi.......................632
Aissa Intxausti Aburruza ..........................608
Unai Mendiburu Valor...................599,5
Ibai Amillategi Omaetxebarria...................599,5
Gai-jartzaile beharretan Leire Garatxena aritu da. Epaile, ostera, hauek izan dira: Ainhoa Arregi, Ander Arrien, Garazi Mendoza, Jurgi Fuentes, Marta Ortiz, Mirari Azula eta Miriam Juaristi. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea egon da.
Finalaurrekoen bigarren bueltan 12 bertsolari lehiatuko dira, 6 bertsolariz osatutako 2 saiotan. Beraz, hurrengo saioa, bigarren bueltako bigarrena eta azkena, datorren azaroaren 22an izango da, Markina-Xemeingo Uni frontoian, arratsaldeko 17:00etan. Gorka Pagonabarraga, Imanol Uria, Jone Uria, Oihana Bartra, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia arituko dira bertsotan.
Finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioak batuta, puntuazio altuena lortzen duten 8 bertsolariak dira finalera sailkatzen direnak. Hortaz, sailkapen orokorrari begiratuta, matematikoki Aitor Bizkarrak eta Aitor Etxebarriazarragak finalean kantatuko dute.