“Larunbatekoa herri honen memoria kolektiboan iltzatuta geratuko den eguna izango da. Euskal Herriak harrera beroa egin dio Palestinari. Euskal Herriak elkartasun ariketa kolektiboa egin du. Euskal Herriak, bere selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuz, esparru guztietan bere burua ordezkatu nahi duela adierazi du. Euskal Herriak herri librez osaturiko mundua aldarrikatu du”, adierazi dute Gernika-Palestina, Gu ere Bai eta Gure Esku plataformek, larunbateko partidaz eta haren ingurukoaz egindako balorazioan.
Milaka eta milaka lagunek parte hartu zuten hiru plataformek “Herri libreak! Euskal Herria, Palestina. Genozidioa stop!” lelopean egindako elkartasun martxan. Martxa 17:30ean abiatu zen Arriagatik Jesusen Bihotzerantz. Behin martxa Jesusen Bihotzera iritsita, aurreskua dantzatu zuten, isilpean, Palestinan hildako guztien omenez, eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak, hiru deitzaileen izenean, martxak oinarri zuen manifestua irakurri zuen. Lau ideia nabarmendu zituen: Gazako genozidioa behin betiko amaitu beharra, palestinarrekiko elkartasuna, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aitortu beharra eta, azkenik, herri libreen aldarrikapena: “Palestina librea eta Euskal Herri librea nahi ditugu; Palestinak eta Euskal Herriak eskubidea dute bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko”.
Gaineratu dute aste osoko elkartasun eta senidetasun keinu sorta baten eta lan luze baten amaiera bikaina izan zela; “amaiera”, sekuentzia hori partidarekin amaitzen zelako: “Ez dago dudarik larunbateko festak hondarra utzi duela euskal herritarren artean eta hondar hori primerako lehengaia izango dela Palestinarekiko elkartasuna lantzen jarraitzeko, munduaren aurrean Euskal Herria herri gisa agertzen jarraitzeko eta herri libreak aldarrikatzen jarraitzeko”.
Larunbateko partida eguneko hainbat alderdi batzuk nabarmendu dituzte plataformek. San Mamesen bizi izan zuten elkartasun “festa erraldoia hunkigarria eta gogoangarria” izan zela azpimarratu dute. Herritarrek kaleetan bidalitako mezua ere gogora ekarri dute; izan ere milaka eta milaka lagun atera ziren mobilizazioetara. Martxaren ibilbide osoa bete zen, eta mobilizazio anitza izan zen, gainera, non adin guztietako jendeak, familia osoek, sentsibilitate askotako jendeak... parte hartu zuten. Bestalde, gizarte zibilak eta kirol munduak Euskadiko Futbol Federakundeak bultzatutako ekimen honen inguruan erakutsitako batasunari garrantzia eman diote: EHUk erakutsitako konpromisoa, futbol kluben laguntza, jokalarien prestutasuna... Eta azkenik, nazioartean izandako oihartzuna: “partidak berak zein mobilizazioek jarraipen zabala izan dute, oihartzun handia izan du nazioartean Euskal Herriak bidalitako elkartasun mezu erraldoiak”.
Elkartasun martxaren hiru deitzaileek hemendik aurrera egin beharrekoan jarri dute fokua: “Palestina babesteko eta Israel isolatzeko konpromisoak hartzen jarraitu eta Euskal Herria munduan aitortua izan dadin lanean jarraitu behar da”. Herri libreen esistentzia ziurtatu eta babestuko duen nazioarteko legedia aldarrikatzen jarraituko dutela gaineratu dute.