Atharratzetik Bilbora joango da 24. KORRIKA

uriola.eus 2025eko azaroaren 18a

Euskara gara lelopean, zeharkatuko du Euskal Herria Korrikaren 24. edizioak 2026ko martxoaren 19tik 29ra.  Aurten, Errigora ekimena omenduko dute, Nafarroa hegoaldean euskararen alde egindako lanagatik.

Euskararen aldeko mobilizaziorik handiena hasiko da, 2026ko martxoaren 19an Atharratzen,  Zuberoan. Hamar gauren eta hamaika egunen buruan, bi mila bostehun kilometro Euskara gara lelopean egin ostean, Bilbota iritsiko da hilaren 29an. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da..

Pasa den astean AEKk egindako ekitaldian Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, KORRIKAren 24. edizioa aurkeztu zuten Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek. AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe ere igo ziren oholtzara.

Aurtengo leloak, Euskara gara, beraz, jendartea du helburu: “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”.

KORRIKAren 24. edizio honek erakutsi nahi du euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.

 

Errigorari omenaldia

24. KORRIKAk Errigora omendu nahi du; Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko. Elordik adierazi legez, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.

 

Eraman Korrika soinean

Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat.

Era berean, salagi dago edizio honetako arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak hiriburuetako Korrika dendetan eta online-dendetan.