ZuNonHanDA! ekimena martxan da

uriola.eus 2025eko azaroaren 18a

Azaroaren 17tik abenduaren 4ra bitartean, 22 liburu aurkeztuko dituzte idazleek Euskal Herriko 19 liburu saltokitan, bertan egiten diren liburu aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten.  Bilbon sei aurkezpen egingo dira.

2020an abiatu zen ZuNonHanDA! ekimenak Durangoko Azokan eskuragarri egongo diren liburu berrien aurkezpenak ekarriko ditu aurten ere, Euskal Herri osoko 19 dendatara. Azoka baino lehenago egingo dira azaroaren 17tik abenduaren 4ra bitartean,eta guztira 22 liburu aurkeztuko dituzte idazleek.

Horrekin batera, 60. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 67 liburu saltokitan izango dira eskuragarri. Beraz, datorren astetik hasita, Durangoko Azoka ibiltaria izango da eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da.

Bilbon sei aurkezpen egingo dira. Lehenbiziko hirurak aste honetan izango dira. Hasteko, Alaine Agirrek Euri eta ateri liburua aurkeztuko zuen atzp, 18:30ean, Deustuko Liburudendan. Gaur, Jakoba Errokondok hitzaldia emango du Elkar Poza liburudendan, 18:30ean, bere aurtengo Ilargia eta landareak 2026 lana aurkezteko. Ilargiaren araberako urte guztiko lanak biltzen ditu liburuak. Astea amaitzeko, Ane Elgezabalek Haizearen erpeak izeneko liburua aurkeztuko du solasaldi formatuan azaroaren 21ean, 18:30ean, Deustuko Liburudendan. Egileak bere ama hartu du idazgaitzat.

 

Aurten, Durangoko Azoka baino lehenago 

ZuNonHanDA! ekimena 2020an abiatu zen, xedea izanik sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea. Izan ere, euskal kulturaren erakusleiho erraldoia izanik, Durangoko Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea da.

Helburu horretan sakontzeko asmoz, aurten, Durangoko Azoka baino lehenago antolatu da ekimena, bertan egiten diren liburu aurkezpenek are ikusgarritasun gehiago izan dezaten. 

Ekimen honen asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea; liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada xedea. Horregatik, Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia den heinean, Durangoko Azokan batuko den indarra Euskal Herriko dendatara barreiatuko da.

 

Beste hiru aurkezpen azokara bitartean

Zu Non, Han DA! egitasmoa indarrez helduko da Bilbora eta aipatutako aurkezpenetaz gain, beste hiru ere antolatuko dira Durangoko Azoka heldu bitartean. Hasteko, Markos Zapiainen Ni, laiko liburuaren inguruko solasaldia egingo da Zirika! Herri Gunean 18:30ean, Zize Gilen parte hartzearekin. Ondoren, Azaroaren 29an, Unai Elorriagaren Andrakas jaunaren bizarrak lanaren aurkezpen ilustratuta egingo da Bilboko Ametsak liburudendan, eguerdiko 12:00etan. Horretarako, Alex Orbe ilustratzailearen laguntza jasoko du Elorriagak. Amaitzeko, Josu Goikoetxeak Lakioa liburua aurkeztuko du, Fermin Etxegoienekin batera egingo duen solasaldian, abenduaren 3an, 18:30ean, Bilboko Elkar Poza liburudendan.