Gure Eskuk, Herritu ekimena aurkeztu du, euskal komunitatea trinkotzeko dinamika bat hain zuzen ere. Ekintza bezala ulertuta, ekintza hori norbanakoek egingo dute, euskarri fisiko sorta batetik abiatuta, euskal komunitatea eraikitzen jarraitzeko eta trinkotzeko helburuarekin.
Atzo, hilak 19, Donostiako Miramar Jauregian egindako agerrladian, Irantzu Perelló Gure Eskuko bozeramaileak, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak, Aize Otaño AEK-Korrikako ordezkariak, Xabier Euzkitze telebista aurkezleak, Amaiur Egurrola gazte independentista eta Maddi Juanikorena Euskalgintzako Kontseiluko kideak ekimenaren xehetasunak eman zituzten.
Irantzu Perelló Gure Eskuko ordezkariak esan duenez, "Euskal Herria da gure nazioa. Zazpi lurraldez osatutakoa. Euskara du berezko hizkuntza. Euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu. Eta, mundu osoa astintzen ari den olatu erreakzionarioaren aurrean, argi diogu: gure nazioa herritar guztien eskubide guztien bermearen gainean eraiki nahi dugu; askatasunaren, demokraziaren, justiziaren, bakearen eta eskubideen gainean eraiki nahi dugu Euskal Herria. Herritar librez osatutako herri librea nahi dugu, ez dagoelako herri librerik bertako herritarrak libre ez badira".
Durangoko Azokaren testuinguruan botako dute Herrituren txupinazoa. Han izango da “herritzeko” lehen aukera; bai azokan bertan, bai herrian bertan.
Euskal herritartasuna adierazteko tresna
Euskarriak norberaren euskal herritartasuna adierazteko tresna fisiko sorta bat dira; hain zuzen ere, txartel bat, pegatina bat eta pin bat. Txartela da baliabide multzo horren funtsa. Txartel horren bidez, haren jabeak adieraziko du euskal komunitateko kide dela eta komunitate horren zutabeekin, partekatutako zutabeekin, bat egiten duela. Horrekin batera, Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela eta herritar guztien eskubide guztiak bermatu behar direla adierazten da, besteak beste. Herritar bakoitzak nahi dituen datuak jarriko ditu txartelean: izen-abizenak, herria eta sinadura.
Herrituk norberaren euskal herritartasuna adierazteko beste bi tresna fisiko ere izango ditu: pegatina bat (telefono mugikorrean jartzeko, adibidez) eta Euskal Herriko armarria duen pina. Hori dena karpeta batean bilduta joango da, zeinak Herrituk oinarri duen adierazpena jasoko duen osorik (txartelak haren laburpena izango du).
Horrez gain, “herritze” digitala ere egin ahal izango da. Txartel digital bat izango da, zeina egiteko www.herritu.eus webgunean erregistratu beharko den. Horretarako, txartelean ageri diren zenbakia eta kodea eta norberaren e-posta sartu beharko dira. Herritu digital bakoitzak e-posta bakarra izango du eta ezin izango da errepikatu.
Herritarrek euskarri horiek eskuratu ahal izango dituzte 10 euroko ekarpena eginda.
Ororen gainetik, ekintza bat
Baina, Herritu ekintza bat da, euskal herritarrak batzen dituen eta euskal komunitatea ezagun egiten duten ikurrak zabaltzeko. Ekintza bat, nork bere burua euskal herritar moduan agertzeko. Ekintza bat, euskal komunitatea erakusteko eta haren oinarriak biziberritzeko. Ekintza bat, komunitate hori osatzeko.
Izan ere, herritarrak izango dira ekimenaren protagonista. Haiek eskuratuko dute euskal herritartasuna adierazteko euskarri sorta. Haiek ezagutarazi eta zabalduko dute ingurukoen artean. Haiek parte hartuko dute hura sustatzeko dinamika zabaletan. Eta bide horretan, euskal komunitate hori ehuntzen lagunduko dute.
Beraz, “herritu” egin ahal izateko hainbat bide daude adierazi du Gure Eskuk:
- ”Herritzaileen” bitartez. Gure Eskuren tokian tokiko taldeen bidez, boluntario sare zabala jarriko dugu martxan Herrituren inguruko dinamika hauspotzeko. Dinamika horretan, hainbat ekimen jarriko dira abian, hala nola “Herritu Egunak” herriz herri.
- ”Herritokiak”: herri bakoitzean “herritzeko” tokiak ipiniko ditugu eta herritarrek haietan izango dute lehen aipatutako euskarriak eskuratzeko aukera.
- Euskal Herriko agendako hitzordu nagusiak: Gure Esku presente egongo da Euskal Herriko kultur, kirol, jai... ekimen nagusietan Herritu ezagutarazteko eta euskarriak herritarren eskura jartzeko.
- herritu.eus webgunaren bitartez.
Herrituren adierazpena
Esan bezala, Herrituk adierazpen bat du oinarri, euskarriak bilduko dituen karpetak osorik jasoko duena (txartelean laburtuta agertuko da). Honako hau da adierazpena:
Euskal herritarra naiz eta honako hau diot:
- Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko nazioa da.
- Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza.
- Herritar guztien eskubide guztiak bermatu beharra dago, Euskal Herrian zein munduko beste edozein herrialdetan.
- Euskal herritarrok guri dagozkigun gai guztiez libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu.
- mendean Euskal Herriak funtsezko erronkak ditu eta haiei heltzeko ezinbestekoa du burujabetza-tresnak izatea.
Eta hori guztia munduko edozein lekutan kontuan har dadin nahi dut.