Mintzodromoa antolatu du Taupak, Mintzapraktika egitasmoa gertutik ezagutzeko ekimena

uriola.eus 2025eko azaroaren 19a

Euskararen erabilera erdigunean jarri eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutarazteko helburua du, beste batzuen artean, Durangoko Azokaren baitan antolatuko den Mintzodromoak. Abenduak 5etik 7ra bitartean, mintzapraktika ariketa ezberdinak proposatuko dira espazio honetan.

Mintzapraktika taldeak martxan daude urritik Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Bakoitza bere taldeko partaide da eta bere herriko mintzapraktika egitasmoko kide. Mintzapraktika egitasmoak zortzi mila bat lagun mugitzen dituzte urtero-urtero, izan mahai baten bueltan edo izan mendian edo eskalada egiten. Kontua euskaraz aritzeko gune eta uneak eskaintzea da, bakoitzak dituen helburuak betetzeko aukerak sortzea.

Hala ere, askotan, zaila da Euskal Herri mailan dagoen komunitate zabal hori irudikatzea, eta horri aurre egiteko, aurten, Taupak Mintzapraktika egitasmoa Durangoko Azokara eramango du, Zirhika taldearekin elkarlanean eta AEK, IKA Euskaltegiak, Jalgi Hadi Mundura eta Mintzaneten laguntzarekin. Mintzodromoaren bitartez, egitasmoa gertutik ezagutzeko eta probatzeko aukerak eskaini nahi ditu euskaltzaleen mugimenduak, xede talde ezberdinentzako mintzapraktika aukerak eskainiz.

Mintzapraktikan edonor da ongi etorria: euskaraz erraztasun handiagoa duena, oraindik praktika behar duena, lanbide, jatorri eta adin ezberdinetako pertsonak… eta horren erakusle dira Mintzodromoan eskainiko diren proposamen anitzak.

 

Egitaraua, egunez egun

Ostiralean, ikasle goizaren baitan, mintzodromo ibiltaria eskainiko zaie bertaratzen diren gazteei. Musikaz lagunduta Durangoko txoko batetik bestera mugituko dira, geldialdi bakoitzean taldekatu eta proposatutako gaien inguruko hizketaldiak sortuz.

Larunbatean, Zirhika taldearen eskutik, Hika Eguna ospatuko da. Bertako hikadromoan hitanoa hobeto ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta amaiera paregabea emango zaio egunari Andoni Egaña eta Amaia Agirrek eskainiko duten bertso saioarekin. Izen ematea zabalik dago jada https://labur.eus/krkpdrny loturan eskuragarri dagoen formularioan.

Igandean, Taupak antolatutako Euskal Herriko mintzalagunen topaketak beteko du egitaraua. Mintzapraktikan dabiltzan lagunei Durangora gerturatzeko gonbitea luzatzeaz gain, egitasmoa gertutik ezagutzeko interesa duen edozein bertaratzera animatu nahi dute Taupatik. Aukera ezin hobea izango da Mintzapraktikan murgiltzeko eta ekintzaz betetako eguna izango da: lehiaketa, mintzodromoa edo Irudienean emanaldi bat ikusteko aukera, mokadutxoa eta noski, azokatik bueltatxoa egiteko tartea ere egongo da. Durangora bertaratzea errazteko, autobusak ere antolatu dira. Informazio guztia eta izena emateko aukera zabalik daude https://taupamugimendua.eus/mintzodromoa/ webgunean.