Maialen Gago: “Hainbat eta hainbat euskaltzale espazioak sortzen ari gara euskaraz bizi ahal izateko, eta horrela Erdalduntze makina eraitsiko dugu”

uriola.eus 2025eko azaroaren 20a

Erdalduntze makina gelditu! lelopean antolatu du manifestazioa GUKAk, Bilboko euskaltzaleen plaza askeak, datorren abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bilbon euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Arratsaldeko 19:00etan izango da plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioa. Maialen Gago GUKAko kideak xehetasunak eskaini dizkigu.

Zer aldarrikatuko duzue abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, deitu duzuen manifestazioa?

Manifestazioa Erdalduntze makinaren kanpainaren testuinguruan antolatu dugu. Ikusten genuen abenduaren 3an hainbat diskurtso ateratzen zirela kalera eta uste genuen garrantzitsua zela diskurtso horiekin batera indarrak batzea eta denok elkartzea, aldarrikatzeko euskararen alde egiten dugun lana eta euskaraz bizitzeko dauden ezintasunak.

Zer da Erdalduntze makina?

Erdalduntze makina da metafora bat, eta sortu genuen azaltzeko Bilbon zer gertatzen den euskararekin. Uste dugu askotan jarri dela euskaldunarengan nolabait euskarak aurrera ez egiteko ardura. Hau da, euskaldunari leporatu zaio euskarak ez duela aurrera egiten, eta gure ustez, bi dira euskarak aurrera egiteko behar diren gauzak.

Batetik, euskaraz egiteko hautua egingo duten gero eta herritar gehiago, baina gaur egun hautu hori zeharkatzen duela estres linguistiko batek eta zaila dela euskaraz bizitzea. Beraz, zailtasun horiek zeintzuk diren adierazi nahi genituen eta horretarako Erdalduntze makina baliatu genuen. Hainbat mekanismo marraztu genituen adierazteko pentsaezina dela Bilbon, adibidez, hainbat kirol eta aisialdi mota euskaraz egitea, komunikabide sistema osoa ere erdalduna da…  Hainbat faktore adierazteko estres sortzailea dela Bilbon euskaraz bizitzeko hautua egitea.

“Euskalgintza gizagintza bada, abenduaren 3a pertsona guztien aldeko borroka eguna izango da” diozue. Zer esan nahi duzue horrekin?

Gukaren sorreran ibili ginen dezente hausnartzen euskara nora eraman behar genuen edo zein izan behar zen euskaltzaleon ortzi-muga. Uste genuen gaur egun euskaraz bizitzea oso zaila izanda, oinarrizko beharrizanak betetzeko eta euskaraz bizitzeko nahia ekarriko zuten arrazoi batzuekin lotu behar genuela. Orduan, guk, euskararen aldeko borroka lotzen dugu askea izango den herri baten irudikapenarekin. Hau guztia, hainbat pentsalariren gogoetatik hartu genuen (Joxe Azurmendi, Lorea Agirre…) Adibidez, aisialdi talde batek bere burua balore eraldatzaileetan kokatzen badu, ezinbestean lan hori euskaraz egin behar duela uste dugu.

Zuen ustez, zein da euskalgintzak behar duen norabidea edo eraldaketa?

Iñaki Iurrebasok, Gukaren sorrerarekin batera, aurkeztu zuen doktorego tesian hizkuntza minorizatuen osasuna neurtzeko adierazle berriak ditu, oso interesgarriak ulertzeko euskararen egoera.

Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak egindako Esnatu ala hil liburuan azaltzen dute nola erdara den borobil ilun bat, eta euskara txikiagoa den beste borobil bat.  Baina, aldi berean, euskaraz ondo-ondo aritzen direnen borobila ere are txikiagoa da. Orduan, guk ondorioztatzen dugu bi estrategia beharrezkoak direla. Batetik, euskara gero eta jende gehiagok ulertzea eta jende gehiago euskarara hurbiltzea, eta bestetik,  orain “hiztun sendoak” deitzen ari zaien horien borobilo hori ere handitzen joatea.

Gainera, orain dela gutxi, polemika berri bat sortu da ea arnasguneak indartu behar diren edo bestelakoak indartu behar diren. Nire ustez, Bilbora ere ekar daiteke, arnasgune txikiagoak osatuz; hau da, euskaraz biziko den ekosistema bat sortuz, inguruan kulturguneak, aisialdi taldeak, tabernak… izanik, bilbotarrek  hizkuntza gaitasun hori lortzen ahalbidetuko duen ekosistema.

Beste ekintza edo kanpaina batzuk ere aurreikusi dituzue?       

Bai, lana bi logikatan aurreikusten dugu. Batetik, kanpainak bultzatzea euskararekin  gertatzen dena dinamiken bitartez azaltzeko, diskurtsoak zabaltzeko, eta bestetik,  euskarazko espazio gehiago sortzeko. Bigarrenik, Kulturaren plaza ekimena martxan daukagu, euskararentzako arrotzak diren espazioetara euskaraz izango den kultur egitasmoa ateratzea. Errekaldeko plazan egingo dugu azaroaren 29an.

Amaitzeko, zergatik da garrantzitsua manifestazioarekin bat egitea? 

Abenduaren 3an elkartu nahi ditugu euskararen alde bere aletxoa jartzen duten norbanako eta talde guztiak. Irudikatu nahi dugu hainbat eta hainbat euskaltzale espazioak sortzen eta lan bat egiten euskaraz bizi ahal izateko. Horren bitartez Erdalduntze makina eraitsiko dugu.