TOKIKOM Sariak banatu dituzte gaur, hilak 21, bederatzigarrenez, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Campusean. Puntua, Aiaraldea eta Antxeta Irratia saritu ditu eta epaimahairen aipamen berezia ere egon da Goienaren Podacst Gelarentzat
Bertan izan dira TOKIKOM osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariak eta baita erakunde publikoetakoak ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Aitor Aldasoro eta Jabier Arakama, eta Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Isaac Amezaga eta Joseba K. Perez ordezkariak.
Guztira lau sari banatu dituzte Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Azalik onenarena, eduki onenarena eta ikus-entzunezko onenarena emateaz gain, aurten, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Goienaren Podcast Gelari. Sariak banatuta, adimen artifiziala kazetaritzan eta komunikazioan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute.
Lau sari guztira
Azalik onena saria Goienaren Puntua astekariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. Epaimahaiak Puntua-ren azala saritu du “oso modu bisual eta indartsuan erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna”. Gaineratu dute ideia eta irudia oso iradokitzaileak direla eta zer pentsatua ematen duela.
Edukirik onenaren saria, berriz, Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa, eta, epaimahaiaren arabera, “lan mamitsu hori kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko”. 90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak.
Ikus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. Hala, “jende askorentzat eguneroko arazoa den eta gehienontzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina” saritu du epaimahaiak. Nabarmendu du baita ere “elkarrizketatzailearen lan bikaina”, berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazi dituelako.
Bestetik, TOKIKOM Sariek aipamen bereziarekin nabarmendu dute Goienaren Podcast Gela. Komunitatearen eskura ipini du Goienak gela berria, eta epaimahaiak nabarmendu du “parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena”. Azaldu dute Podcast gelak komunitateari ahotsa eman diola, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean, hedabidera hurbildu eta bertan inplikatu daitezen.