Bilbo Feminista Saretzenek, Bilboko mugimendu feminista autonomoak, Azaroaren 25ean herritarrei dei egin die Patriarkatuak eraso, instituzioek paso. ¡Vuestra hipocresía es violencia lelopean Bilboko kaleak hartuko dituen manifestazioan parte hartu dezaten, arratsaldeko 19.00etan Jesusen Bihotzatik abiatuta.
“Hamarkadak daramatzagu sistema patriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial honek sortzen dituen mila aurpegiko indarkeriak salatzen”, azaldu dute BFSko bozeramaileek eta adierazi dute sistema hori dela milaka emakume hiltzen dituena, milioien bizitza arriskuan jartzen duena, prekarietatea eta izua beste hainbatengana kondenatzen dituena, eta zaurgarrienak direnei oinarrizko eskubideak ukatzen jarraitzen duena.
Hori dela eta, azaroaren 25ean indarkeria ikusezin eta normalizatuenetako batean jarri nahi du arreta Bilboko mugimendu feminista autonomoak: indarkeria patriarkal instituzionalean. Alegia, gobernuek eta haren erakundeek emakumeen eta disidentzien aurka eragiten duten eguneroko indarkerian, “batzuetan ekintzaz eta ia beti omisioz egindakoa, baina askotan hilgarria dena”.
Udalen, Aldundien eta Gobernuen kanpaina hutsekin nazkatuta daudela esan dute: “Euren irudia garbitzeko lelo feministak erabiltzen dituzte, diskurtso matxistak, arrazistak eta transfoboak legitimatzen dituzten bitartean”. Nazkatuta ere. erakundeen gaitzespen-mezuak entzuteaz, eta gero arreta falta, umiliazioa eta babesgabetasuna egunerokoan ikustea. Horregatik, aurtengo A25ean haiek izendatu nahi ez duten indarkeria azpimarratuko dute.
Politika feminista errealak
Politika feminista errealak nahi dituztelako aterako dira kalera, ahulenak babestuko dituztenak eta sistema harrapari eta bortitz honen egiturazko indarkeria aurrez aurre jarriko dutenak. Azaroaren 25ean Bilboko Kale Nagusira irtengo dira honako hauek exijitzeko:
- Baliabideen mapa argia eta eskuragarria.
- 24 orduko arreta, publikoa, espezializatua eta polizia-deribaziorik gabea.
- Publikoki kudeatutako zerbitzuak, pribatizatu gabeak. Egitura egonkorra eta prestakuntza eta lan-baldintza duinak dituzten langileak.
- Atzerritartasun Legea indargabetzea eta etxeko eta zaintzako langileak erabat aitortzea. Atzerritartasunaren eta immigrazioaren arloko berezko eskumenak aldatzea, emakume migratuen eta atzerritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko eta eskubideen urraketei aurre egiteko.
- Hezkuntza sexuala, afektiboa eta feminista, ez hitzaldi eta tailer puntualak, baizik eta hezkuntza-etapa guztietan behar adina eduki eta eskola-ordu.
- Bilboko emakumeen etxe irisgarri bat.