Euskarari gaztelaniak duen estatus bera aitortzeko eskatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek

uriola.eus 2025eko azaroaren 24a

Euskalgintzaren Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuekin batera, elkarretaratze bikoitza egin dute gaur Bilbon (Justizia Jauregiaren aurrean, 12:00etan) eta Donostian euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta auzitegien oldarraldi euskarafoboaren aurka.

Pasa den astean, Bilboko eta Donostiako auzitegiek hiru sententzia atera zituzten langile publikoek euskara ezagutzeko beharra baliogabetuz. Bata, Gipuzkoako Foru Aldundian administrari jarduteko, eta beste biak, Bizkaiko Foru Aldundiko lan publikoetan zeladore gisa eta GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean gizarte integratzaile izateko. “Jada ez dago sententzien beharrik, hauen mehatxua aski da erakunde batzuk murrizketak egitera behartzeko. Euskararen desofizializazio prozesu bat da hau eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago”, salatu dute.

Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuekin batera, elkarretaratze bikoitza egin dute gaur, hilak 24, Bilbon (Justizia Jauregiaren aurrean) eta Donostian (Gipuzkoako Diputazioan) euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta auzitegien oldarraldi euskarafoboaren aurka.

Hiru eragileek adierazi dute Eusko Legebiltzarrean Funtzio Publikoaren Legea egokitzeko eztabaida ezin dela mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera, eta egungo hizkuntza-eskakizunen paradigma gainditu eta euskarari, gutxienez, gaztelaniak duen estatus bera aitortzeko eskatu dute. Alegia,  ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiei, ez soilik euskararen ezagutza, baizik eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuko diena. “Badugu horretarako aukera, baditugu baldintzak. Balia ditzagun”, aldarrikatu dute.

Asko da orain arte aurreratu dena, baina dena gero eta azkarrago doan mundu honetan, euskararen normalizazioa ere azkartu beharra dago, atzean geratuko ez bada: “Paradigma berri bat behar dugu erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, euskararen normalizazio erreal baterako jauzia emateko”, gaineratu dute.