“Indarkeria patriarkal instituzionala” salatu dute milaka lagunek Bilbon

uriola.eus 2025eko azaroaren 25a

Gaurko egunean, azaroak 25, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna, Bilboko mugimendu feminista autonomoak manifestazioa antolatu du Jesusen Bihotzetik Udaletxeraino. Indarkeria “ikusezin” eta normalizatu batean jarri dute arreta: “indarkeria patriarkal instituzionalean”.

Milaka feminista atera dira kalera indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunean, azaroaren 25ean. Patriarkatuak eraso, Instituzioek paso. ¡Vuestra hipocresía es violencia! lelopean, arratsaldeko 19:00etan abiatu da Bilboko mugimendu feminista autonomoak (Bilbo Feminista Saretzen - BFS) antolatutako mobilizazioa Jesusen Bihotzetik, eta 20:00etan ailegatu dira Udaletxera.

Bukaerako irakurketan eurena den eskubidea aldarrikatu dute beste behin ere: indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea. Ozen oihukatu dute euren bizitzak, gorputzak eta erabakiak ez direla negoziatzen. “Hamarkadak daramatzagu sistema patriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial honen indarkeria mota oro salatzen”, adierazi dute eta zehaztu dute sistema hori dela milaka emakume hiltzen dituena, milioien bizitzak arriskuan jartzen dituena, beste hainbeste prekarietatera eta beldurrera kondenatzen dituena, eta zaurgarrienak direnei, trans pertsonei, migratuei, eta haurrei oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiena.

Irakurketan ez dute ahaztu Palestinan genozidioak aurrera jarraitzen duela, eta inoiz baino gehiago Israelgo gobernu sionista salatzen jarraitu behar dela gogorarazi dute: “Gure babes guztia Palestinako herriari eta erresistentziari”. Era berean, elkartasuna adierazi diete emakume sahararrei, beraiek ere indarkeria pairatzen dutelako, euren kulturaren ezabatzearen eta elkartzeko ezartzen zaien debekuaren bitartez.

Mugimendu feminista, anitz, erradikal eta borrokalariaren indar eraldatzaile eta geldiezina aldarrikatu dute. “Ofentsiba patriarkalaren aurrean, aliantzak josten, bizitzari eusten eta indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu”, gaineratu dute.

 

Instituzioak jopuntuan

Gaurko egunean, beraz, indarkeria “ikusezin” eta normalizatu batean jarri dute arreta: “indarkeria patriarkal instituzionalean”. Besteak beste, erakunde publikoek eragiten dutena indarrean dagoen legedia behin eta berriz urratzen dutenean, beste alde batera begiratzen dutenean, edota feminismoarekin “postureoa” egiten dutenean.

“Indarkeria instituzionala da gobernuek eta bere erakundeek emakumeen eta disidentzien aurka erabiltzen dutena”, salatu dute eta egunerokoa dela eta askotan hil egiten duela gogorarazi dute.

Bilbo Feminista Saretzenek ohartarazi du denbora asko daramatela indarkeria matxista eta patriarkalaren aurka zer egin behar den esaten, baina erakundeek ez dituztela solaskide gisa hartzen: “Errealitatea da gobernuek lege batzuk onartzen dituztela, eta lege horiek ezerezean geratzen direla, aurrekonturik eta baliabide nahikorik gabe”.

Indarkeria matxistaren biktimek ere urte asko daramatzate esaten benetako amesgaiztoa salatzen dutenean hasten dela, eta ezer ez da aldatu. “Baliabideak, telefonoak eta laguntzak daude, baina labirinto instituzional eta burokratikoak biktimizazio bikoitzak eta hirukoitzak sortzen ditu”, esan dute nazkatuta.

Udal, aldundi eta gobernuen kanpaina hutsekin ere nazkatuta daudela nabarmendu dute “aurpegia garbitzeko lelo feministak erabiltzen” dituztelako diskurtso matxistak, arrazistak eta transfoboak legitimatzen dituzten bitartean. “Esaten duzue era guztietako laguntzak eskaintzen zaizkiela biktimei, baina guk badakigu gero beraiek ez dutela dei bakar bat ere jasotzen; ez dituztela sinetsi; umiliatu egin dituztela; eta arriskuan jarri dituztela” nabarmendu dute.

 

Instituzioei eskakizunak

Horregatik guztiagatik, zerbitzuen mapa argi bat exijitu dute; 24 orduko laguntza espezializatua, deribazio polizialik gabe, eta esternalizatu gabeko baliabide publikoekin.

Emakumeen Etxe irisgarri bat ere eskatu dute dugu, benetako politika feministak, zaurgarrienak babestuko dituztenak eta sistema “bortitz honen indarkeria estrukturalari” aurre egingo diotenak!

Atzerritartasun Legea indargabetzeko eskatu dute, migratutako pertsonen aurkako indarkeria instituzionalak iraunarazten dituelako. Eskatu dute etxeko eta zaintzako langileen eskubideak aitortzea; eta sexu- eta afektibitate-hezkuntza indartzea, batez ere, transfobiaren eta ofentsiba autoritarioaren eta eskuin muturraren hedapenaren aurrean.

“Indarkeria patriarkala ez da soilik erasotzaileek jotzen, jazartzen, bortxatzen edo hiltzen dutenean erabiltzen dutena; indarkeria patriarkala ere bada erakundeek legea urratzen dutenean, abandonatzen gaituztenean eta laguntza bila dabiltzanak biktimizatzen dituztenean erabiltzen dena”, gehitu dute.