BLB Komunikazioa -PREST! eta URIOLA biltzen dituen egitasmoa- etete bidean dago. Azken hilabeteotan lan handiko ibilbidea egin dugu kooperatibaren egoera aztertzeko eta, funtsean, proiektua bideragarria den baloratzeko. Egoera ekonomikoa sakonki aztertu ostean, behin betiko erabaki bat hartu behar izan dugu: aurten, 2025eko abenduan, proiektuari amaiera emango diogu.
Erabaki hau hartzera eraman gaituen arrazoi nagusiena ekonomikoa izan da: izan ere, BLB Komunikazioa sostengaezina bihurtu da, eta ezin diegu gastuei aurre egiten jarraitu. Kooperatiba osatzen duten Berbaizu Euskara Elkarteari zein Abante konpartsari esker zuloa murriztea lortu dugu, baina ez da nahikoa izan eta ixteko erabakia sahietsezina da.
Kooperatibako gainerako eragileen babesa izan dugu, bai eta urteetan gurekin lanean aritu diren kolaboratzaileena ere; hala ere, ez dira aski izan aurrera egiteko. Diru laguntza publikoak ez dira behar bestekoak izan proiektuan duintasunez jardun ahal izateko. Azken urteotan ahalegin bat egon den arren, uste dugu hasieratik ez dela benetako apusturik egin Bilbon euskarazko hedabideak sendotzeko. Horrez gain, guk ere ez dugu diru sarrera iturri berririk lortu, beraz, prekarietatik eteterako bidea hartu dugu. Argi utzi nahi dugu azken hilabete hauetan presiopean egon garela lanean une oro eta gure bazkideei bidalitako gutunean hainbat errata egon direla administrazioari dagokionez; dirulaguntzetan ez da murrizketarik egon, akats bat izan da eta zintzo jokatze aldera argi eta garbi utzi nahi dugu.
Esan bezala, BLB komunikazio kooperatiba Deustualdeko Prest! Aldizkariak eta Uriola hedabide digitalak osatzen dute; horren parte ere zen Berton aldizkaria, 2018an desagertu zena. Edozein modutan, bi proktuek informazioa % 100ean euskaraz eskaini dute eta horien jardunaren baitan, Prest! 2.000 ale baino gehiago inprimatzen aritu da urte luzez hilabetero, abuztuan izan ezik, eta Uriolak astero eduki digitala ekoizten du online argitaratzeko. Bi proiektuen jardunak eskatzen ditu edukien ekoizpena, editatzea, erredakzioa, zuzenketak, maketazioa, inprimaketa eta banaketa. Horiez gain, kontuan hartu behar dira lan horiek guztiak aurrera eramateko ordaindu ere egin behar direla, bai langileen soldatak, bai eta bestelako kontratazioak ere. Gainera, azken urteotan inprimatze edota banaketa gastuak nabarmen igo dira, eta diru-sarrerak aldiz, ez. Dena dela, uste dugu Bilbok orain artekoa baino apustu sendoagoa behar duela euskarazko hedabideen alde.
Gauzak horrela, Deustualde zein Bilbo euskaraz kontatzen dituen hedabideak ixtea erabaki dugu. Nolanahi ere, nabarmendu nahi dugu proiektu komunikatiboaren helburua ez dela sekula diru sarrerak sortzea izan; helburua beti izan da nagusiki erdalduna den Bilbon euskarari bultzada ematea, funtsezkoa ikusten baitugu euskaldunok aukera izatea informazioa gure hizkuntzan kontsumitzeko. Erdalduntze makinan murgilduta dagoen Bilbo bezalako plaza batek apustu sendoagoa behar du.
Dena dela, nahiz eta PREST!-ek eta Uriolak agur esan, kooperatibako gainontzeko bazkideek lanean eta borrokan jarraituko dute beste bide batzuen bitartez euskarak behar duen lekua berreskuratu arte. Hori dela eta, guri emandako babesa Abante eta Berbaizuri ematera animatzen zaituztegu, haiek ere behar gaituztelako.
Agur bero bat jaso, eta esker asko etorri guztioi.