Zabalik dago Aratusteak iragartzeko kartelaren lehiaketan parte hartzeko epea

uriola.eus 2025eko abenduaren 9a

Sardinaren hileta 2025

Abenduaren 26ra arte egongo da zabalik. Aurten, berrikuntza gisa, epaimahaiak sei kartel finalistak aukeratzen dituenean, herritarren bozketaren pisua handiagoa izango da. Bilboko aratusteak otsailaren 12tik 17ra ospatuko dira.

2026ko aratusteak datorren otsailaren 12tik 17ra izango dira, bian dagoeneko Bilboko Udalak martxan jarri du aratusteak iragartzeko kartelaren lehiaketa. Edozein nazionalitateko diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek abenduaren 26ko 23:59ak arte izango dute aukera izena emateko. Aurreko edizioetan bezala, gehienez ere obra bi aurkeztu ahal izango ditu parte-hartzaile bakoitzak. Aurten, otsailaren 12tik 17ra egingo dira aratusteak.

Epaimahaiak 9 kide izango ditu (5 artearen, diseinu grafikoaren eta inguruko komunikazioaren munduarekin lotuak; Udalbatzako 3 ordezkari, Jai Batzordeko presidentea barne, eta Bilboko Konpartsen ordezkari 1), eta sei kartel finalistak aukeratuko ditu. Berrikuntza gisa, herritarren bozketaren pisua handituko da epaimahaiak hautatutako 6 kartel finalisten artean erabakitzeko. Hala, jendearen bozketek, modu telematikoan zein aurrez aurre, % 35eko pisua izango dute kasu bakoitzean, eta epaimahaiaren botoak, berriz, % 30ekoa.

Beraz, sei kartel finalistak Udalaren webgunean eta ABANDOKO UDALTEGIAN jarriko dira urtarrilaren 12tik aurrera. Bozkatzeko epea, urtarrilaren 18ra arte egongo da irekita. Kartel irabazlea aukeratzeko, kontuan hartuko dira herritarrek aurrez aurre emandako botoak (% 35eko pisua), modu telematikoan emandako botoak (% 35) eta epaimahaiaren botoak (% 30). Irudi irabazleak 2.000 euroko sari bakarra izango du.

 

Kartelaren ezaugarriak

Aurkeztutako lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute, kolore eta teknika librearekin egin ahal izango dira, eta generoa eta sexu-orientazioa, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala, gorpuztasuna eta abar aurkezteko orduan dagoen aniztasuna baloratuko da, rolak eta estereotipoak saihestuta.

Lanek formatu bertikala izan beharko dute, 50 cm x 70 cm-koa, eta modu telematikoan aurkeztu beharko dira udalaren webgunean. Kartela egiteko adimen artifizialeko (AA) sistemak erabiliz gero, tresna horien erabili direla jakinarazi beharko da, esku-hartzearen maila zehaztuko da eta jabetza intelektualeko eskubideak errespetatzen direla bermatuko da. Edozelan ere, balorazioari dagokionez, gizakiaren esku-hartzea AAren erabileraren gainetik egongo da.

Bestalde, egile-eskubideei dagokienez, Udalak gogorarazten du egileak behar bezala kudeatuta izan beharko dituela kartelean dagoen edozein argazki, ilustrazio edo baliabide grafiko erabiltzeagatik dituen eskubideak. Beste obra baten irudirik erabili badu edo plagiorik egin badu, eta horregatik gorabeherarik izanez gero, egilea izango da erantzule bakarra, eta obra berehala erretiratuko da.