Gazte independentistok bilboko kaleak hartuko ditugu

Ernai Bilbo 2025eko abenduaren 10a

Gazteok garai nahasiak bizi ditugu. Globalizazioaren inertziek, identitate kolektiboen lausotzeak eta krisi anizkoitzek zeharkatzen dituzte gure bizitzak. Testuinguru horretan ari da hedatzen espainolismo erreakzionarioa: zapaltzaileak zaizkigun sinboloak normalizatu, diskurtso erreakzionarioek indarra hartu eta gure hizkuntzaren aurkako oldarraldia ohiko bihurtu da. Finean, hiriguneko gazteok olatu erreakzionario eta atzerakoiaren ofentsiba bizitzen ari gara.

Baina guk argi dugu, Bilbo balio antifaxistaz, euskaldunez, feministaz eta iraultzailez betetako hiri bat da. Hain justu hori da azken urteotan behin eta berriz lausotzen saiatu direna. Bilbon eta Euskal Herri osoan, hamaika dira adibideak: Indar okupatzaileek Bilbon egindako erakusketak, Falangistek Gasteizen egindako ekitaldia, eskuin muturreko probokatzaileak Iruñean agertu nahi izana eta beste hainbat ekintza espainiar nazionalismoari zein elementu faxistei gorazarre egiteko erabili dira. Guzti honen aurrean aukera posible bakarra espainolismo erreakzionarioari aurre egingo dion proiektua indartzea da.

Norabide horretan, bizitza duinen aldeko barrikada piztu behar dugu. Gure buruen jabe izan eta jendartea eraldatzeko gaitasunak irabazteaz ari gara. Herri bezala aitortu, eta gure etorkizuna marrazteko askotariko gaitasunak eskuratzeaz. Independentzia eta burujabetza tresnak baitira gure bizitzetan eragiten duten arazo sistemikoak konpontzeko: etxebizitza, prekarietatea, hizkuntza-eskubideak, parte-hartzea sozial eta politikoa, zaintza, auzolanaren defentsa...

Nabaria da azken urteotan identitate nazionala ahultzen saiatu direla, asimilazioa eta errakzioa eguneroko ogia dira. Hala ere, ez dute inondik inora haien proiektua inposatzea lortu; alderantziz, badira auzoetan ehunduta dauden sektore abertzale eta antifaxista ugari, askotarikoak. Gaurko erronka estrategiko nagusia dugu Bilboko gazteria euskaldun, feminista, abertzale eta antifaxista artikulatzea.

Testuinguru honetan, beharrezkoa da Bilboko kaleetan presentzia bateratua. Beharrezkoa da erakustea Bilbon badaudela balio aurrerakoiak defendatzen dituzten gazteak; euskaraz bizi nahi dutenak, feminismoan sinesten dutenak eta diskurtso erreakzionarioei egunero ateak ixten dizkietenak. Eta beharrezkoa da argi azaltzea bidea: Independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Hiru ardatz hauek dira Euskal Herria nazio moduan berriz zutitzeko aukera.

Horregatik guztiagatik, eta azken hilabeteotan argi geratu delako erasoek ez gaituztela isilaraziko, beharrezkoa da Bilbon berriz ere kaleak hartzea.

Eguerdiko 13:00etan, Eliptika plazatik, Bilboko gazteok aukera izango dugu mezu argi batzabaltzeko: gure hiria ez dago, eta ez da egongo, espainolismo atzerakoiaren esku. 

Bilbok, bultzada politiko eta sozial berria behar du, kalean antolatuta eta faxismoari eta kapitalari aurre eginez.

Garaipenaren hiria izango gara, gazteria independentista etorkizuna borrokatzeko prest baitago. Etorkizun hori ekinez egina izango da.

Abenduaren 20an denok Bilbora!

 

Uxue Zabalza eta Alex Díez Ernai Bilboko militanteak.