BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Gogotsu eta prest daude Bertsolari Txapelketaren zortzi finalistak

uriola.eus 2025eko abenduaren 10a

Zortzikote finalista

Lehen aldiz Casillan izango da saioa, abenduaren 20an, arratsaldeko 17:00etan.  Sarrerak jada salgai daude webgunean. Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari, eta oso pozik” dagoela aitortu du. Finalisten artean Oihana Bartra bilbotarra dago “lasai samar” eta “gogotsu” egun handirako. Uriolak sarrrea bikoitza du zozketatzeko.

Zortzikote protagonista prest dago abenduaren 20an jokatuko duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean bertsotan aritzeko. Lehen aldiz Casillan izango da saioa, eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Ateen irekiera 15:30ean izango da. Sarrerak jada salgai daude eta arin ibiltzeko aholkatu dute: “Ia 4.000 sarrera salduta daude eta edukiera ia 4.500ekoa da”.

Gogotsu eta prest daudela kontatu dute gaur goizean, hilak 10, Casillan egindako agerraldian. Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia zortzikoteak saio ederra izango dela aurreikusten du. Eurekin batera egon da Arantza Plaza txapel jartzailea ere, eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentea.

Hasteko, eskerrak emateko tartea hartu du Belate Olabarriak, txapelketan beharrean ibili diren guztiei, banan-banan: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Jakina, ez ditu ahaztu astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiak, “eurak barik ezingo litzatekeelako Txapelketarik egin”.

 

Zortzi buru, mila emozio 

Elkarteko presidenteak aukera izan du finalistei galdetzeko ea zelan bizi izan duten txapelketa eta nola egiten diote aurre finalari. Banan-banan hartu dute hitza. Orokorrean, gogotsu eta prest daudela kontatu dute.

Onintza Enbeitak mezu aldarrikatzailea zabaldu du: “Nik hemen egon nahi dut esateko eta demostratzeko nire buruari eta Bizkaiari txapelketa askoz leku habitableagoa,  dibertigarriagoa eta gozagarriagoa dela orain dela 25 urte baino”. Izan ere, dena aldatu dela argitu du: gaiak planteatzeko modua, parte hartzaileen jarrera publikoarekiko, bertsolaritza bizitzeko modua, diskurtsoak… Lehia egon badagoela aitortu du, barru barruan denok nahi dutelako irabazi, baina “lehia bizitzeko modua” ere aldatu da: “Gure artean konpetentzia baino, beste aliantza batzuk sortu ditugu”.

Oihana Bartra bilbotarrak aitortu du hasieran negazioaren fasean egon arren, bidean lortu duela fase hori pasatu eta motibatzea. “Bidea beti izaten da urduritasun handiagokoa badaukazulako aurrea egiteko presio eta nahi hori. Baina behin finalera helduta, ni egia esan, super gogotsu nago, lasai samar eta pozik”, azpimarratu du.

Txaber Altuberentzat bere lehenengo finala da eta oso pozik dago. “Aurten lortu dut txapelketa beste modu batera hartzea eta nire burua gutxiago egurtzea. Gogotsu nago finalerako eta memento on baten nago”, esan du. 

Aitor Bizkarrarentzat aurtengo Txapelketa aspaldiko luzeena izan da. “Hasieran nahiko trankil hasi nintzen baina aurrera egin ahal tentsioak gorantz egin du”, azpimarratu du. Hala ere, Bizkarraren emaitzak onak izan dira aurten eta pozik dagoela adierazi du. 

Bestetik, nabarmendu du nahiz eta sarritan esan finalera gozatzera joan nahi, finalean gozatu, norberak ez duela gozatzen: “Norberak bertsotan ondo egin behar du, eta ondo egiteko bidea gozamena den nik zalantzak ditut”. Lanera eta jokora joateko, eta bere onena emateko asmoarekin dagoela aitortu du. Bat egin du berarekin Aitor Etxebarriazarragak. “Egia esan buelta larregi ez diot eman nahi buruari bestela norbera be zoratu egiten da”, jarraitu du eta finalera begira pentsatzen du memento onenean dagoela. 

Gorka Pagonabarragak, bere aldetik, aitortu du apur bat hotz harrapatu duela : aurtengo txapelketak: “Nire buruaren kontra egitea tokatu zait eutsi ahal izateko eta aurrera jarraitzeko”. Zintzoki, horretan jarraitzen duela adierazi du baina gaurko egunak lagundu egin duela barruan berriro ilusio hori sentitzeko. “Nire buruarekin borrokan eta gogotsu etortzea lortuko dut”, bukatu du.

Txapelketan zehar bizipen asko eta ezberdinak izan ditu Jone Uriak. Bertsotan eta lanean zentratuta gustura eta lasai aritu da bi finalaurrekoetan. Horrekin pozik dagoela esan du: “Orain arteko zaporea ona dut eta horri eutsi nahi diot finalean ere bai”.

Xabat Galletebeitiak finala ikusten du bere buruarengan konfiantza lortzeko leku modura. Deskantsatuta heldu nahi du: “Zenbat eta deskantsatuago egon, zeharka esan nahi du orduan eta gehiago konfiantzen dudala nire buruarengan”. Beraz, bi sentimendu horiekin egin nahi du tipo finalean.

 

Arantza Plaza: bertsolaritzaren transmisioan egindako lanagatik aitortza

Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioan egindako lana eskertu nahi dio, astero bertsolaritza irakatsi baitu herrietako ikastetxeetan, Mundu bat bertso programaren bitartez. Zortzi finalistetatik aparte, bertsotan ibili diren askok Arantzaren eskuetatik pasatutakoak dira. Belate Olabarriak aitortu dio Elkartearentzat ohorea dela berarekin kontatzea eta eskerrak eman dizkio baietza emateagatik.

2004an hasi zen lehen eskoletan bertsolaritza irakasten Arantza eta 2022ra arte behar horretan aritu da Bizkaiko ikastetxeetan. Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da. Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan. Hain zuzen, hainbat errealitate ezagutu ditu Arantzak: egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak… 

Arantza Plazak adierazi du harrituta geratu zela proposatu ziotenean txapela jartzea, baina segituan eman zuela baiezkoa: “Barru-barrutik ateratako baietza izan zen”. Azpimarratu du “oso pozik” dagoela eta “harro puntu bat” ere bai. “Oso eskertuta nago niri opari eder hau egiteagatik, ez nuen inoiz pentsatuko zeregin hau betebeharra edukiko nuenik”, esan du. Jakina, hantxe egongo da txapela txapeldunari jartzen eta badaki ez dela bakarrik egongo: “nire buruan beti daude nire ikasleak, nire ikasgelak, nire lankideak, nire lantaldea…”, gaineratu du.

 

Oharrak

Belate Olabarriak zenbait ohar gaineratu ditu. Lehenik eta behin, abenduaren 20an finalera heltzeko, Bilbora, garraio publikoan joateko gomendioa luzatu du. Horretarako Casillara heltzeko, garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideen berri eman du:  Bilboko Metroan joanez gero, Indautxuko geltokian jaitsi behar da, eta Areiltza Doktorearen atetik irten.  Bestalde, zenbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.

Aurten ere, Umeen gunea ipini du Bizkaiko Bertsozale Elkartean, Casillan. Bertso saioak irauten duen artean egongo da gunea zabalik, hezitzaileek zainduta. Umeek zein gurasoek egon ahalko dute bertan, eta zerbitzua doakoa izango da. 6 urtetik aurrerako umeek finalerako sarrera erosi beharko dute. 3 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta egon beharko dira gunean. Umeek gura badute, tarteka saiora joan ahalko dira euren guraso edo arduradunek lagunduta. Umea gustura ez badago guraso edo arduradunei deituko zaie bila joateko; beraz, gurasoek edo arduradunek mugikorrera adi egon beharko dute. Izena emateko, webgunean dagoen formularioa bete behar da.